Zinemagile iruindarraren dokumentalak indarkeriaren biktima izan diren emakumeak ditu protagonista, eta ekainaren 24an estreinatuko da zinema aretoetan. Aurretik, Egiptoko Ismailia International Film Festivalean lehiatuko da.

AMA-DAS-zinea

Ezgaitasuna duten emakume nafarren (Idoia, Pili, Rosa eta Emma) beldur eta ilusioak izango ditu ardatz Cocemfe Nafarrak sustatutako eta En Buen Sitiok ekoiztutako lanak. Beraien autoestimua lantzeko tailerretan ari dira parte hartzen, izan ere, genero indarkeriaren biktima izan dira, horrek lotzen ditu, eta badute elkarri egingo dioten galdera bat ere: sentituko al dira noizbait maitatuak?

Gutierrez Diazek zuzendu du AMA-DAS, eta Lucia Benito izan da ekoizle eragilea, Jokin Pascual argazki-zuzendaria, Paula Olazek sortu du musika eta Andres Salaberrik egin du muntaketa. Emaitza ekainaren 24an ezagutzeko aukera izango dute madrildarrek hiriko Golem aretoan. Aurretik, mundu arabiarreko zinema jaialdi zaharrenetarikoa den Ismailia festibaleko 23. edizioan lehiatuko da, Egipton. Martxoaren 17tik 23ra bitartean erakutsiko dute.

Martxoaren 10ean Iruñean egin zuten filmaren aurrestreinaldia , eta  arduradunek jakinarazi dutenez, datozen egunetan zehaztuko dute Hego Euskal Herrina estreinaldi data zehatza.

Indarkeria istorioak

Cocemfe Nafarra ezgaitasuna duten pertsonen elkarteen federazioa da, eta berriki egindako ikerketa baten ondorio da AMA-DAS filma. Argitaratutako txostenean ebatzi dute lana bilatzeko tailerretan parte hartutako emakumeen %50 genero indarkeria jasan edo jasaten ari direla.

Zinemagileak aitortu duenez, “errespetutik eta lasaitasunetik egin nahi izan dugu protagonistenganako hurbilketa”. Esateko dutena entzun, eta beren esperientziak ikustaraztea izan du helburu, horregatik, kamera “ikusten ez den toki horretan” jarri nahi izan du, “filtrorik gabe, indarkeriaren istorioek ezkutatzen dituzten detaileak uler ditzagun, oharkabean igaro ez daitezen”.