Alacanteko zinemagileak Zinemaldia + Plus zikloan parte hartuko du ekainaren 11n. Ikusmira Berriak ekimenaren babesean sortutako El agua bere lehen film luzearekin Cannesko zinemaldian lehiatzetik dator.

elena_lopez_riera-zinea

Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea, artista bisual eta programatzailea, eta Lacasinegra kolektiboaren fundatzaileetako bat da López Riera. Zinema-irakaslea da Genevako Haute École d’Art et Design (HEAD) ikastetxean, baita Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolan eta beste hainbat zentrotan ere.

Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zuen bere lehen film laburra, Pueblo (2015), eta ondoren nazioarteko hogei bat zinema-jaialditan ere lehiatu zen. Bere hurrengo bi lanak, Las vísceras (2016) eta Los que desean (2018), Locarnoko Zinema-jaialdian estreinatu zituen, eta azken horrek ekoizpen suitzarreko film labur onenaren Pardino d’Oro saria irabazi zuen. 60. ZINEBI jaialdi bilbotarrean nagusi izan zen gainera, eta aipamen berezi bat jaso zuen Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean.

Bada, ekainaren 11n, larunbata, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan izango dira hiru lanak ikusgai, Donostia Zinemaldiak Tabakalerako pantaila partekatuan egiten duen hileko fokuaren baitan. Emanaldiaren ostean solasaldirako tartea egongo da.

Ikusmira Berriak programan egoiliar

Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) elkarrekin antolatuko Ikusmira Berriak programan parte hartzeko hautatu zuten López Riera, 2018an, eta bertan hasi zen El agua film luzea garatzen.

2022ko Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian lehiatu berri da, baina aurretik, beste egonaldi batzuetan aritu da espainiarra El agua proiektua prestatzen, hala nola Canneseko zinema-jaialdiko Cinéfondation ekimenean. Bertan, CNC Proiektu Onenaren saria jaso zuen ere.