Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko 33. Astearen baitan komikiak eta zinema uztartuko dituen erakusketa berezi bat atonduko dute. Gainera, festibaleko egunetan, fantasiazko zineman kanibalismoak izan duen tokia aztertuko duen liburua aurkeztuko dute.
Urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean ospatuko dute 2022ko edizioa, eta izen-emate epa ekainaren 15ean irekiko badute ere, festibalak izango dituen zenbait jarduera paralelo aurreratu dituzte antolatzaileek.
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Donostia Kulturak, Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan, Luis Gasca: Komikiak eta zinema erakusketa antolatuko dute. Irailaren 8tik azaroaren 8ra arte egongo da zabalik, Okendo Kultur etxean.
Espainiako komikiaren eta zinemaren funtsezko figura da Gasca, editorea, historialaria, gidoigilea eta bildumazalea, Donostia Zinemaldiaren zuzendaria, irudizale porrokatua, eta bere bizialdi ia osoan tebeoaren munduan jarduna. Asier Mensuro eta Álvaro Pons ditu erakusketak komisario, eta omenaldi bat egin nahi izan diote Gascak bere lanbidean eta bizitzan egin zuen ibilbideari; hark utzitako ondarearen zati handi bat KMKn dago.
Bestalde, Antonio José Navarro zinema kazetariak idaztzitako eta Hemenaute argitaletxeak argitaratutako liburua aurkeztuko dute 33. Beldurrezko Astean. Zinemako kanimalismoari eskainita egongo da, hain zuzen, fantasiazko zineman nola txertatu eta sakondu den aztertuko du bertan.
Aurretik ere hainbat liburu idatzitakoa da Navarro. American Gothic. El cine de terror USA 1968-1980 (2007) liburu kolektiboaren koordinatzaile izan zen, eta Líbranos del mal. Un estudio cultural del cine de posesiones demoníacas y exorcismos (2021) liburuaren egilea.