18 eta 25 urte arteko 150 lagunek osatuko dute epaimahaia, eta Gazteriaren TCM saria emateaz arduratuko dira. Interesatuek uztailaren 1a baino lehen bete beharko dute izen-emate fitxa, eta erantsita motibazio-gutun bat bidali beharko dute.
COVID19aren ondorioz ezohikoa izan ziren 2020 eta 2021eko Donostia Zinemaldiak. Osasun-baldintza eta segurtasun-neurri zorrotzek eraginda, akreditatu eta bisitari gutxiago gerturatu ziren, baina festibalak ez zuen bere esentzia galdu nahi izan. Aurten ezta. Antolatzaileek herritarrei, eta hain zuzen ere, gazteei zinema jaialdi bat barrutik ezagutzeko aukera berretsiko die, izan ere, 2022ko irailaren 16tik 24ra bitartean ospatuko den 70. ekitaldian gazteriaren epaimahaikide izateko aukera eskainiko dute beste behin.
18 eta 25 urte bitarteko neska-mutilek dute uztailaren 1a arte izena emateko epea zabalik, eta aurreko urteetan ez bezala, 150 izango dira aukeratuak. Horiek TCM saria eskuratzeko hautagai izango diren filmen emanaldietara joateko konpromisoa hartu beharko dute. Interesa izanez gero, Zinemaldiaren webgunean online eskuragarri jarri duten izen-emate fitxaren inprimakia eta motibazio-gutuna bidali beharko dituzte. Informazio gehiago nahi izanez gero, juventud@sansebastianfestival.com helbidera idazteko edo 943 48 12 12 telefono zenbakira deitzeko aukera dago.
Zuzendari Berriak sailean programatutako filmak eta Horizontes Latinos saileko zuzendarien lehen eta bigarren lanak epaitu beharko ditu epaimahaiak, eta eguneroko bozketen emaitzak Zinemaldiaren webgunean eta egunkarian argitaratuko dituzte. TCM saria emateko amaiera-ekitaldian ere parte hartuko dute gazteek, Kursaal 2 aretoan.
TCMk telebista-kateak bi hamarkada baino gehiago daramatza Espainiako estatuan filmak ematen, eta lotura estua du Donostia Zinemaldiarekin. Aurten, hirugarrenez babestuko du ikus-entzule gazteek eman ohi duten saria.
Informazio gehiago, hemen.