Lur Olaizolak, Tabakalerako ikus-entzunezko programaren koordinatzaile eta zinema-zuzendariak gidatutako saio berezi batek emango dio amaiera Gasteizko Artium Museoan ospatu duten zinema feminista zikloari. Datorren igandean, ekainaren 5ean, egingo dute saioa, 18:00etatik aurrera.
Zinema kanonikoaren historiatik kanpo geratu diren errealitateak berreskuratzeko helburua du Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloak, emakumezko zinemagileak eta haien filmak ezagutarazteko eta balioan jartzeko. Hilean saio bat egin ohi dute, bertan erakusten duten laginaren bidez, zuzendari bakoitzaren unibertso zinematografikora hurbiltzeko.
Urtarrilaren 9an eman zioten hasiera 2022ko lehen filmen emanaldi sortari eta martxoaren 31an zen amaitzekoa. Bada, saioen arrakasta ikusita, egitarauari beste hiru hitzordu gehitzea erabaki zuten.
Horietan azkena egingo dute igandean, hilaren 5ean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Lur Olaizola zinema zuzendari eta programatzaileak gidatutako saioan, Blind Spot / Die Reise nach Lyon (Claudia von Alemann, 1981) lana izango da ikusgai. Proiekzioaren ondoren zuzendaria bera partaide izango duen solasaldi bat izango da, aldibereko itzulpena izango duena.
Filmari buruz…
Elisabeth, historialari gaztea, Lyonera doa senarra eta alaba etxean utzita. Helburu argia du: hirian zehar ibiltzea Flora Tristánek (1803-1844), iraultzaile sozialista eta aitzindari feministak, emandako pausoen atzetik. Protagonista hirian barrena dabil grabagailu batekin, bere ibilbidea erregistratzeko eta Tristanen memoria berreraikitzeko. Blind Spot Claudia von Alemannen, 1973an Helke Sanderrekin batera emakumeen zinemari buruzko lehen mintegia antolatu zuenaren, fikziozko lehen film luzea da. Deutsche Kinemathekek 2018an zaharberritu zuen filma.