Uztailaren 1era arte zabalik izango da Donostia Zinemaldiko Work In Progress Europa sailera lanak aurkezteko epea. Europako zinemaren ekoizpena sustatzea eta postprodukzio fasean dauden filmak amaitzen laguntzea du helburu ekimenak, eta irailaren 19an, 20an eta 21ean egingo dituzte sail honetako saioak, WIP Latam eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroarekin batera.
Donostia Zinemaldiko industriari eskainitako atalen artean, Europako ekoizpena sustatzeko Work In Progress deialdia zabaldu dute, uztailaren 1era arte. 60 minututik gorako iraupena duten proiektuei zuzendutako ekimena da, eta nagusiki Europako ekoiztetxeen parte-hartzea dutenak aurkez daitezke. Egileen lehen ala bigarren film luzeak izan behar dira, eta hegemonikoa ez den hizkuntzaren batean filmatutakoak.
Donostia Zinemaldiko Hautaketa Batzordea arduratuko da jasotakoen artean sei ekoizpen aukeratzeaz, Donostia Zinemaldiko jardueretan parte hartzeko. Aurtengo saioak irailaren 19an, 20an eta 21ean egingo dituzte, WIP Latam eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroarekin batera.
Sariei dagokienez, WIP Europa Industria Saria irabazten duen proiektuak filmaren postprodukzioa, ingelesezko azpidatziak eta Espainiako banaketa izateko aukera izango du. Bestalde, WIP Europa garaikurrak, 10.000 euro emango dizkio proiektu irabazlearen ekoizle nagusiari.
Deialdiaren inguruko xehetasunak Donostia Zinemaldiaren atarian topatuko dituzue.