Kooperatibismoa gara! lanak irabazi du 2022ko Euspot Lehiaketa, eta Elkartu, berdindu, konfidatu eta babestu spota izan da ikus-entzuleen boto gehien jaso dituena. Guztira, Euskal Herri osoko 95 sorkuntza aurkeztu dira aurtengo ediziora, iaz baino 8 gehiago.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren babespean, gazteak kooperatibismora gerturatzea eta kooperatibismoa balioan jartzea izan du Euspot Lehiaketak aurten erronka. Izan ere, Zergatik lan egin kooperatiba batean? lelopean, Euskadiko Kooperatiben erakunde nagusiak kooperatibismoa eta eredu kooperatiboaren balioak gazteengan hedatzeko saiakera egin nahi izan du.
Aretxabaletako Udalaren, Arteman Komunikazioaren, Mondragon Unibertsitatearen, Arizmendi Ikastolaren eta Bai Euskarari elkartearen arten antolatutako ekimena da, eta Euskal Herri osoko 95 lan jaso dituzte hamaikagarren edizioko deialdian, iaz baino 8 gehiago. Aurkeztutakoen artean, 29 spot 18 urtetik gorakoek eginak izan dira, eta 66, aldiz, 18 urtetik beherakoek eginak.
Bart egin dute 2022ko edizioko sari-banaketa ekitaldia, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, eta 20 finalistak pantailaratu ostean eman dute irabazleen berri. Kooperatibismoa gara! lana izan da garaile, eta sortzaileek (one Markuleta, Irene Azkargorta eta Danel Teran) 1.000 euro jaso dituzte saritan. Lanaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna nabarmendu dute epaimahaikideek.
Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenak, aldiz, Kooperatiba baten parte izateko prest? eta Etorkizunaren pieza izan dira. 500 euroko saria bi partaideen artean banatu dituzte. Bestalde, ikus-entzuleek eta Elkartu, berdindu, konfidatu eta babestu spota izan dute gogokoena, eta 500 euro eman dizkiote opari Amaia Catania Lopez, Maddi Iturricastillo Elkoro eta Nekane Ciardegi Martxueta sortzaileei. 700 bozkatik gora jaso dira sarean, guztira.
Iragarkiaren musika egokitasuna eta originaltasuna azpimarratuz, musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro) Gure eredua lanak irabazi du, eta 18 urtetik beherakoen sorkuntzarik onena (500 euro) Bakoitzak bere alea jarriz, etorkizuna loratzen lana izendatu dute. Arizmendiko ikasleen Sortu kooperatiba spota ere nabarmendu dute (250) euro.
Spot irabazleak ikusgai dituzue Euspot Lehiaketaren atarian.