‘Emakume ekoizleak ikus-entzunezkoan’ izeneko mahai-ingurua egingo dute Caostica jaialdiaren baitan, datorren ekainaren 7an, Bilborock aretoan. (H)emen elkartearen lankidetzarekin, Aiora Ponce, Ana Angulo, Ainhoa Andraka eta Izaskun Arandia profesionalek hartuko dute parte.

(H)emen ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeei zuzendutako elkartea da. 2016an sortu zuten, hain zuzen ere, bi sektore horietan jarduten duten emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzeko, lan-harremanak eta aukerak sustatzeko eta sexuen arteko desberdintasuna murrizteko.

Egun, ALICE izeneko ekintza plan-baten baitan antolatu dute bere jarduna. (H)emenek 2020 eta 2024 bitartean garatzeko sortu duen proiektua da, eta fikziozko lehen zuzendaria eta zinema narratiboaren sortzailea izandako Alice Guy-Blaché -ren figuran oinarritu dute. Hain zuzen, bere izena osatzen duten bost letra horiek ditu abiapuntu beren ekintza planak jasoko dituen lanak: AUKERA, LOKAILUAK, IKUSGARRITASUNA, COWORKING eta ETORKIZUNA.

Bada, laugarren helburuarekin zuzenki lotua dago datorren ekainaren 7an egingo duten mahai-ingurua. Instituzioekin, elkarteekin, jaialdiekin, kultura-ekimenekin, sektoreko klusterrekin eta abarrekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea da COWORKING ildoaren helburua eta, bide horretan, Bilboko Caostica jaialdiarekin elkarlanean prestatu dute hitzordua: Emakume ekoizleak ikus-entzunezkoan izenburupean, Aiora Ponce, Ana Angulo, Ainhoa Andraka eta Izaskun Arandia (moderatzaile gisa) elkartuko dituzte mahai baten bueltan, beren esperientzia, hausnarketa eta iritziak publikoarekin partekatu ditzaten.

19:00etan emango diote hasiera saioari, Bilborock aretoan. Sarrera irekia eta doakoa izango du eta, bertaratzerik ez dutenek ere, streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute. www.caostica.org atarian topatuko dute horretarako aukera.