Amaitu da VIII. Kritika Lehiaketan lanak aurkezteko epea.
Eskerrik asko deialdian parte hartu duzuen guztiei! Epaimahaiaren txanda da orain, lan guztiak irakurri, baloratu eta irabazlea nor izango den ebazteaz arduratuko dira hautatu ditugun hiru profesionalak, eta ekaina erdialdera ezagutuko dugu kritikari berria.
Heldu dira jada VIII. Kritika Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak erredakziora, eta urdurituta gabiltza, 2022-2023 denboraldi berrian gurekin ariko den laguna nor izango den jakiteko gogoz. Aukera lan hori egiteaz, baina, ez gara gu arduratuko, gaian adituak diren hiru lagun baizik, ondorengoak:
- Ander Makazaga Conde (Gernika-Lumo, 1995) zineman espezializatutako kazetaria da. EHUn Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak egin zituen, eta Madrilgo ECAM eskolan Caiman aldizkariak koordinatutako Kritika Zinematografikoa masterra. Zinema kritikari gisa Donostia Zinemaldiaren, Veneziako Mostraren, ZINEBI jaialdiaren zein Giza Eskubideen Zinemaldiaren jarraipena egin du hainbat hedabiderentzako, hala nola, Berria egunkaria, Irutxuloko Hitza astekaria, Mutaciones aldizkaria eta ZINEA ataria. Requenako Film Laburren jaialdiko hautaketa batzordeko kidea izan da.
- Lur Olaizola Lizarralde (Donostia, 1988) Tabakalerako ikus-entzunezko atalaren koordinatzailea eta zinemagilea da. New Yorken aritu zen lanean ikusizko artista eta kultur ekoizle gisa Horns & Tails ekoizetetxean, bait Architecture & Designe Film Festival jaialdiko koordinatzaile lanetan ere. Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroan ikus-entzunezko dokumentalgile eta muntatzaile gisa lan egin ostean, Donostiako Tabakalerara etorri zen. Xulia (2019) eta Zerua blu (2020) film laburrak zuzendu ditu, Bilboko Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian eta Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian eskaini dituzte, besteak beste. Zuri Goikoetxearekin batera, 2021eko Berlinale Talents talentu berrientzako garapen programan hartu du parte.
- Eneko Olasagasti Ezeiza (Donostia, 1960) aktore, ekoizle, zinemagile, irakasle eta gidoigilea da. Kazetaritza ikasketak egin zituen Leioan, eta 1984an Eusko Jaurlaritzaren Antzerti Arte Dramatiko Eskolan diplomatu zen. 90eko hamarkadan zuzendaritza eta gidoigintzara egin zuen jauzi, eta 1994an Maité filma zuzendu zuen. Lau urte geroago Tentazioa ekoiztetxearen sorkuntzan hartu zuen parte, eta hainbat lan ekoitzi zituen. Egun Lotura Films eta Sincro ekoiztetxeetan egiten du lan, eta Euskal Aktoreen Batasunaren antolakuntza idazkaria eta Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI Fakultateko irakaslea da. Zuzendutako lanen artean daude Jaun eta jabe (1997, telebista), Sí, quiero… (1999), Barrura begiratzeko leihoak (2012), Alardearen seme-alabak (2013) eta Ahizpatasun hariak (2019), besteak beste.
Egutegia
Deialdia maiatzaren 31an itxi ostean, epaimahaiak bi asteko epea izango du lanak aztertu eta bozak emateko, eta ekainaren erdialdean jakinaraziko dute lehiaketako irabazlearen izena. Uztailean hasita, hautatutako kolaboratzaile berria urtebetez ariko da ZINEAko kritikari lanetan, eta astero-astero, deialdira aurkeztutako antzeko ezaugarriak dituen lan bat osatu beharko du, asteazkenetan argitaratzeko.