Donostia Zinemaldiaren NEST Zinema Ikasleen Film Laburren Sailera lanak aurkezteko epea gaur, ekainak 1, zabaldu dute, eta hilabetez luzatuko da. 21. edizioa irailaren 19tik 23ra bitartean egingo dute, eta ohiko formatua berreskuratuko du. Film irabazlearen zuzendariak 10.000 euroko saria jasoko du.

NEST saila-zinea

2002an sortu zen gaur egun Donostia Zinemaldiaren sail garrantzitsuenetako bat den NEST. Orduko hartan Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketa zuen izena, baina urte batzuk geroago Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa izatera igaro zen, arreta gunean eskoletatik ikasleetara pasatuz. Izan ere, sailaren helburu nagusia mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da, eta 2008az geroztik Tabakalerarekin elkarlanean antolatzen dute. Ordutik, gainera, sailean izena emateko plataforma zehatza sortu zuten, eta egokitzapen tekniko hark hazkunde potentziala ekarri zion deialdiari, parte hartzea nabarmen haziz.

Azken hogei urteetan 357 film labur hautatu dituzte, eta 1.000 ikasle inguru bildu. COVID19aren pandemiak eraginda, azken ekitaldietan hiru egunetara mugatu dute saila, baina aurten, ohiko formatura itzuliko dira, bost egun irunez. Bost eskola magistral prestatuko dituzte zinema-eskoletako 60 ikasle ingururentzat.

2022ko deialdia gaur bertan, ekainak 1, zabaldu dute, eta hilabeteko epea izango da lanak aurkezteko, uztailaren 1era arte. Eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkeztu ahal izango ditu, beti ere, Zinemaldiaren aurreko hamabi hiletan ekoitzi badira, eta epaimahaiak hautatutako lanen artean, 10.000 euroko NEST Saria banatuko dute. Deialdiaren oinarriak eta gainerako informazio osagarria eskuragai jarraian.