Uda badator, eguraldi ona, beroa, eta hondartzara joateko gogoa. Baina Donostiako Kresala Zineklubak zinemara joateko plana eskainiko du ekainean ere, bateragarriak izan daitezkeelakoan: “Hondartza hor egongo da bihar ere. Aldiz, gure egitaraua ez”. Asteartero legez, Trueba zinema aretoan elkartzeko deia zabaldu dute.

kresala zinekluba ekaina

Indartsu hasiko dute ekaineko eskaintza, izan ere, Apichatpong Weerasethakul zinemagile tailandiar miretsiaren lan berriena pantailaratuko dute hilaren 7an: Memoria. Epaimahaiaren sari berezia (ex-aequo) eskuratu zuen 2021eko Cannesko Zinema Jaialdian eta, besteak beste, Chicagoko Film Festival jaialdian eta Sevillako Zinemaldian lehiatu da.

Jessica (Tilda Swinton), Kolonbian bizi den botanikari britainiarra. Gau batean, beste mundu batekoa dirudien zarata ezezagun batek esnatuko du. Doinu berri horrek zeharkatuta, eta haren jatorria deskubritu nahian, protagonistak oihanaren bihotzerainoko bidaia abiatuko du.

Hilaren 14an, aldiz, Norvegiatik datorren Ninjababy (Yngvild Sve Flikke, 2021) lana egongo da ikusgai. Animazioaren eta benetako irudien arteko konbinazio magikoa erakutsiko du.

23 urterekin Rakelen bizitza aldatu egingo da, haurdun dagoela jakingo duenean. Rakel ilustratzailea da eta proiektu ezberdinetan parte hartzea gustatzen zaio, baina haur bat hezteko gai izango al da? Rakelek espero baino lehenago egin behar dio aurre galdera horri, eta ezusteko bikoitza jasoko du: ez du abortatzeko aukerarik. Garagardoa, drogak eta sexua maite ditu, eta ez du inolako interesik ama izateko. Erabakirik hartu aurretik, bere ninjababy-a marrazten hasiko da, eta horrek ez dizkio gauzak batere erraz jarriko.

Ekainaren 21ean, Robert Bresson maisuari eskainitako atzera begirakoaren filmaren txanda izango da: L’Argent (1983), baina aurretik, Kresala Zineklubeko lagun mina den Lucas Millaren film labur bat proiektatuko dute: A Way Out (2020).

Ekainari, eta ikasturteari agur esateko, Ferit Karahan zuzendariaren Okul Tiraşı (2021) film turkiarrak barnetegi hotz eta zail batean  bizirauten saiatzen ari diren bi lagunen bizitzetan murgilduko gaitu, hilaren 28an.

Saioak 19:30ean hasiko dira, eta sarrerak eskuragai daude Kresala Zineklubaren atarian, baita informazio osagarria ere.