Musika dokumentalen emanaldi sortak emango dio hasiera Nafarroako Filmotekak ekainerako prestatu duen egitarauari. Lurraldean errodatutako lan amateurrak, Rizoma jaialdiko lan onenak eta Maddi Barberren parte hartzea duten bi lan ere erakutsiko dituzte.
REDO elkartearekin lankidetzan, Press Play! zikloaren hirugarren edizioan musikarien, lurraldeen eta herritarren arteko harremanean sakonduko dute. A Symphony of Noise. Matthew Herbert’s Revolution (Enrique Sánchez, 2021) izango da ikusgai egongo den lehen filma, eta Andrea Aisa REDOko kideak aurkeztuko du saioa. New voices in an Old Flower (Quino Piñero, 2016), Maldita. A Love Song to Sarajevo (Raúl de la Fuente eta Amaia Remirez, 2022), Por qué cantan las aves (Alejandra Quintana, 2017) eta American Rapstar (Justin Staple, 2020) lanek emango diote segida zikloari.
Bertako zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eutsiz, halaber, Nafarroan ekoitzitako hainbat lan izango dira ikusgai Nafarroako Filmoteka atalean, hiru saiotan. Lurraldean egiten den amateur zinemari tokia eginez, La charla (Michel L. Sádaba, 2022) eta Demasiado dinero (Goyo Rodriguez, 2022) film laburrak eskainiko dituzte ekainaren 2an. Zinemagileak bertan izango dira beren lanak aurkezten. Hurrengo astearteetan, aldiz, Artxiboaren Nazioarteko Eguna dela-eta, La montaña enmascarada (Domingo Moreno, 2021); eta San Ferminak iristear direla ospatzeko, Pamplona y los Sanfermines (Santi Echeverría, 1992) filmak emango dituzte.
Aurreko urteetan egin bezala, 2022an ere Rizoma zinema jaialdiarekin lankidetzan, IX. edizioan lehiatu diren film onenak erakutsiko dituzte: Si yo fuera el invierno mismo (Jazmin López, 2020), epaimahaiaren aipamen berezia; eta Transformistas (Chad Hahne, 2020), zinemaldiko lehen saria.
Ateneok aurkezten du… atalean, Argentinako zinema garaikidearen adierazle handienetako bat den Matias Piñeiroren Viola (2012) lana aurkeztuko dute, eta saio bereziei dagokienez, desertifikazioaren eta lehortearen nazioarteko eguna ospatzeko, Roman Polanskiren lan klasiko bat egongo da ikusgai: Chinatown (1974). Bestalde, 2022ko Bartzelonako D’A Film Festivalean lehiatu den Aftersun (Lluis Galter, 2022), eta John Cage musikari esperimentalaren sorkuntzan sakondu nahi duen John Cage: Journeys in Sound (Allan Miller eta Paul Smaczny, 2012) emango dituzte. Bigarren honen ostean, Déjame hablar (Samuel Alarcón, 2020) film laburra ere proiektatuko dute.
Punto de Vista fokoan, aldiz, Maddi Barber izango da protagonista nagusia, izan ere, bere parte hartzea duten bi lan erakutsiko dituzte, zinemagileak berak aurkeztuta: 16 mm-tan filmatutako Gorria (2020) film laburra lehenik, eta Nafarroan estreinaldia izango duen Jo ta Ke (Aitziber Olaskoaga -Barber argazkiaz arduratu da-, 2020) lan esperimentala, gero.
Emanaldietarako sarrera orokorra 3 euro balio ditu, eta aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutu lehenagora arte.
Ezagutu Nafarroako Filmotekak martxorako prestatu duen egitaraua, hemen.