PSOEk eta EAJk lortutako 45 puntuetako zuzenketa-akordioen ostean, Espainiako Kongresuak Ikus-Entzunezkoen Lege Orokorra onartu du. PP eta Unidas Podemos taldeen abstentzioak ahalbidetu du proposamenak aurrera egitea; EH Bilduk ezetza bozkatu du. Pantailak Euskaraz mugimenduak eta Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza gutxituen berdintasuna ikus-entzunezkoetan bermatzeko bidean “galdutako aukera” izan dela iritzi dute.
Erakunde Euskaltzaleek testu berriak jorratu beharreko ondoko puntuak adostu zituzten iragan astean Donostian, baina gobernuak ekarpenak onartu ez, eta Galizieraren (A MESA), euskararen (Euskalgintzaren Kontseilua), katalanaren (Plataforma per la Llengua, Ómnium, ACPV, Escola Valenciana eta FOLC) eta asturieraren (Iniciativa pol Asturianu) erakundeetako ordezkariak Kongresuaren aurrean kontzentratu ziren atzo, 10:30ean: “Zinez uste dugu berdintasunerako aukera galdu dela, eta legeak gure hizkuntzak ikusgabetuko dituela pantailetatik. Are gehiago, eskubideen urraketa betikotuko da” salatu zuten, eta gaur, Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak ere hala adierazi du egin duen Legearen balorazioan.
Hizkuntza gutxituentzat kuota txertatzea lortu bada ere, ekimenak dio “portzentaje anekdotikoa” dela (% 0,35 eta % 0,55 artekoa). Gainera, Espainiar Estatutik kanpo egoitza duten Netflix, HBO, Prime Video edo Disney+ bezalako nazioarteko plataformak “hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko” derrigortasunik izango ez dutela salatu dute, baita diru publikoz aurretik eginda dauden bikoizketa eta azpidatziak euren katalogoko filmetan txertatzeko izango duten betebeharra “oso mugatua” dela.
Bestalde, TVEk edukiak katalanez, galegoz, eta euskaraz eskaintzera behartuko dituela, eta CLAN haurrentzako kateak edukiak bikoiztu beharko dituela begi onez hartu du Pantailak Euskarazek. Autonomia Erkidegoetako telebista publikoei dagokienez, Legea garatzeko eskumena izango dutela jakinik, “euskararen alde egiteko beste eremu bat” zabaltzen dela gogorarazi du. Aldiz, oso larritzat jo du ekoizle independenteak kinka larrian uzten duen zehaztapena, izan ere, “ekoizle independienteak izan dira orain arte euskaraz, eta beste hizkuntza gutxituetan, edukiak sortzeko apustua egin izan dutenak”.
Horrez gain, Soziolinguistika Klusterrak atera berri duen kale neurketaren emaitzekin ere lotura egin du Pantailak Euskarazek: “Aisialdia pantailei geroz eta lotuago dago, eta hauetan euskararen presentzia hutsaren hurrena izatea eragina izaten ari da euskararen erabileran […] Egia da azken 5 urteotan [kalean euskararen] erabilera mantendu egin dela, baina oso kezkagarria da ikustea herrialde (Gipuzkoa) eta herri euskaldunenetan, beherakadak jarraitzen duela. Datu hauek smartphonen asmakuntza (2007), telebista digitalen etorrera (2010) eta streaming plataformen zabalkundearekin (2015tik hona) erlazioa izan dezaketela uste dugu”.
Hala ere, euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak azpimarratu nahi izan du lanean jarraitu behar dutela, bide-lerroa ondo definituz: “Euskararen eremuko erakundeek, asko egin dezakete, bere eskumenen baitan, ikus-entzunezkoetan euskarak bizi duen bazterketa egoera iraultzeko”. Horrez gain, pozez azaldu dira “euskaldun komunitatea ahalduntzeko baliagarriak diren dinamika berriak” martxan jarri direlako, Euskara Aurrera kasu.