Estibaliz Urresolak Cannesko 61. Semaine de la Critique sailean erakutsi du Cuerdas, bere bosgarren film laburra, eta Urrezko Erraila (Le Rails d’or) saria irabazi berri du. Zinemagile arabarraren sorkuntzak gaur bertan izango du hirugarren emanaldia.

Estibaliz Urresola-Cannes-Cuerdas-zinea

Maiatzaren 17tik 28ra bitartean ospatzen ari da aurtengo Cannesko zinemaldia, eta sail ofizialetik at,  lan independenteak lehenesten dituen 61. Semaine de la Critique atal paraleloan Urresolak idatzi eta zuzendutako Cuerdas film laburra ari da lehiatzen, beste bederatzi film laburrekin batera.

Maiatzaren 24an, goizean, erakutsi du lehen aldiz arabarrak bere filma, Miramar Antzokian, eta bigarren pase bat ere izan du, arratsaldean. Gaur bertan, hirugarrenez egongo da ikusgai, baina saioa berezia izango da. Izan ere, 19:30ean Les Visiteurs du soir zinemara bertaratzen direnek dagoeneko errekonozitua izan zen lana izango baitute aurrean. 1995az geroztik Ceux du Rail trenbide elkarteak ematen duen Urrezko Erraila ohorezko sariaren hartzaile izan da Cuerdas lana: “Ken Loachen zinemaren unibertsoa gogorarazten duen lana da. Irismenaz eta sakontasunez kontatuta, interes berezia du protagonisten dilema koralak”.

Zinemagile arabarrak Begoña Suarez Ereño filmeko aktoreetako batekin batera hartu du saria eskuetan, eta pozik eta zoriontsu azaldu da: “Bidaia honentzat amaiera posible onena da. Sariak esanahi berezia du guretzat, istorioa Euskal Herriko meatzaldean gertatzen baita, trenek garrantzia izan zuten tokian”.

Emakumeak protagonista

20.000 especies de abejas lanarekin Berlinaleko Co-Production Market 2022 merkatuan parte hartu berritan egingo du bidaia Urresolak (Begoña Suarez Ereño aktorearekin batera) Cannesera, Cuerdas aurkeztera.

Lanak emakumeez osatutako koro bat izango du ardatz. Banatzear daude, entseguetarako erabili ohi duten lokala alokatzeko udalak ez baitie diru-laguntza ematen jarraituko. Zinemagileak berak adierazi duenez, “kontakizunak oinarri dokumentala badu ere, benetako pertsonaiak zein lokalizazioak fikziozko dispositibo narratibo-filmikoarekin konbinatuko ditu, eta  horri esker, dimentsio intimoenera iritsiko gara, istorio lokala unibertsal bilakatuz”.

Gazteleraz filmatuta, 29 minutu irauten ditu, eta Muskizen zein Laudion hartu dituzte irudiak. Aktoreen zerrenda Suarezek, Miguel Garcesek, Xanti Agirrezabalak, Jone Laspiurrek, Oier Zuñigak eta Ainhoa Jauregi Ruizeik osatzen dute.

Sirimiri Films, Gariza Films eta Katz Estudio ekoiztetxeen ekoizpena da Cuerdas, eta ICAA, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza eta EiTBren partaidetza ditu. Juego de damas antzerki taldeak eta San Fuenteseko Emakumeen Koruak ere parte hartu dute proiektuan.