Top Gun: Maverick (Joseph Kosinski)

30 urte baino gehiagoz Armadako hegazkinlaririk onenetako bat izan ondoren, Pete “Mavericks” Mitchel (Tom Cruise) protagonistak beti amestu duen tokian dago orain: probak egiteko pilotu ausarta da, abiaduraren mugak lehertzeko askatasun osoa du eta posizio horri esker maisuki ekiditen du lehorreko lana egitera behartuko lukeen lanpostu igoera balizko bat.

Top Guneko graduatu talde bat misio espezializatu baterako entrenatzen ari denean, Maverickek Bradley Bradshaw tenientearekin (Miles Teller) egingo du topo, bere lagun “Goose” zenaren semearekin…

Egunotan ospatzen ari den Cannesko Zinema Jaialdiaren Sail Ofizialean aurkeztu dute filma, lehiaketaz kanpo. Protagonisten artean, Tom Cruise, Miles Teller, Jennifer Connelly, Jon Hamm, Glen Powell, Ed Harris eta Val Kilmer.

.

.

Memoria (Apichatpong Weerasethakul)

Jessica (Tilda Swinton), Kolonbian bizi den botanikari britainiarra. Gau batean, beste mundu batekoa dirudien zarata ezezagun batek esnatuko du. Doinu berri horrek zeharkatuta, eta haren jatorria deskubritu nahian, protagonistak oihanaren bihotzerainoko bidaia abiatuko du.

Epaimahaiaren sari berezia (ex-aequo) eskuratu zuen 2021eko Cannesko Zinema Jaialdian eta, besteak beste, Chicagoko Film Festival jaialdian eta Sevillako Zinemaldian lehiatu da.

.

.

Toscana (Pau Durá)

Espermaz beteriko flasko bat patrikan. In vitro ernalketa baterako hitzordu hurbila. Moto istripua. Ihes egiten duen gidaria. Diru zorrak. Finikitoa ordaindu nahi ez duen nagusia. Eskopetadun gizona. Guztiak bilduko dira Toscana tabernaren gerizpean.

Martxoan ospatutako Malagako Jaialdian izan zuen aurrestreinaldia.

.

.

Jujutsu Kaisen 0 (Sunghoo Park)

Yuta Okkotsu protagonista institutuko mutil urduria da, bere egunerokoan arazo larri bati aurre egin behar diona: bere lagun Rika curse bihurtu da eta ez du bakarrik utzi nahi. Rika ez baita curse arrunta, Satoru Gojo “Jujutsu” Institutuko irakaslearen arreta bereganatua du, exorzistek curse delakoei aurre egiten ikasten baitute.

.

.

Maigret et la jeune morte (Patrice Leconte)

Georges Simenon idazlearen eleberri homonimoaren zinemarako egokitzapena da.

Paris, 1950eko hamarkada, gau-jantzi dotore batez jantzitako neska eder baten gorpua plaza baten erdian agertzen da. Jules Maigret inspektore ospetsua arduratuko da kasua ikertzeaz, baina ezinezkoa zaio biktima identifikatzea, inork ez baitu, antza, ez ezagutzen, ez gogoratzen.

Protagonistaren paperean Gérard Depardieu polemikoa izango da. Harekin batera,  Aurore Clément, Mélanie Bernier, Anne Loiret eta Clara Antoons.

.

.

Sundown (Michel Franco)

Bennett familia aberats britainiarra oporraldi lasaia igarotzen ari da Acapulcokon, dei batek zorigaiztoko gertaera bat iragarriko duenean. Aliziak (Charlotte Gainsbourg) bidaia berehala etetea erabakiko du; Neilek (Tim Roth), aldiz, pasaportea galdu izanaren itxurak egingo ditu, eta Mexikon geratu da, albiste tragikoa axolagabeki kudeatuz.

.

.

El comensal (Angelez Gónzalez Sinde)

Gabriela Ybarraren izen bereko eleberri autobiografikoaren egokitzapena.

Haren bidez, idazlea heriotzarekin eta familiarekin zuen harremana ulertzen saiatuko da, bere bizitza gurutzatu zuten bi gertakariren analisia eginaz: bere aitonaren erailketa (ETAren eskutik) eta bere amaren heriotza.

2009tik 2011ra Espainiako Kulturako ministro izandako Angelez Gonzalez Sindek hartu ditu bere gain proiektuaren zuzendaritza eta gidoiaren idazketa.

.

.

Costa Brava, Lebanon (Mounia Akl)

Badritarrek Beirutetik ihes egingo dute beren utopia partikularra hiri handiaren kutsaduratik eta gatazkatik urrun eraikitzeko saiakeran. Baina kapitalismo globalari aurre egiteko oasi horretan aurkituko duten lasaitasuna mehatxatuko duten bi alderdiri aurre egin beharko diete: bizilekutik distantzia gutxira eraikitzen ari diren zabortegiko eraikuntza-lanen abiadura biziak eta familia egituran ematen ari diren arrakalak.

.

.

En otro lugar (José Luis Feito)

Apenas ezagutzen zuten Paco aitonaren heriotzak elkartuko ditu Pedro eta Luis protagonistak. Langabetuak biak, behi bi eta asto bat jasoko dituzte oinordetzan, Espainiako Iparraldeko herri batean.