Wim Wenders zinemagile alemaniarrak zuzendutako Paris, Texas (1984) filma emango dute gaur, maiatzak 25, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan. Zinema eta Hiria zikloaren baitako azken emanaldia da, urtarrilaz geroztik hilabete bakoitzeko azken asteazkenean gauzatu dutena.
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolatuta, Paris oinarri duen atzera begirakoa ari dira egiten Bilbon. Jean Vigo zinemagile frantziarraren L’Atalante (1933) filmak, surrealismoaren eta errealismo poetikoaren artean kokatutako drama erromantikoak, eman zion hasiera urtarrilean Frantziako hiriburuaren azterketa zinematografikoari, eta hilabetero ari dira proposamen berri bat eskaintzen.
Milou en mai (Louis Malle, 1989) eta Les quatre cents coups (François Truffaut, 1958) proiektatu zituzten otsailean eta martxoan, hurrenez hurren, eta Paris nous appartient (1961), apirilean. Gaur, berriz, azken emanaldia izango du zikloak: Amerikako Estatu Batuetan dagoen, eta izen bera duen herrian girotutako Paris, Texas. Wenders zinemagilearen begirada erratikoa eta onirikoa da. Texasko desertuan, nor den ere ez dakiela, ibilian dabilen gizon bat izango da protagonista. Anaia haren bila hasiko da, emazteak utzi aurretiko bizitza gogorarazteko asmoz.
Saioa Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan (Mazarredo Zumarkalea, 71) izango da, 19:00etan. Sarrera doan da, baina bertaratu nahi dutenek kultura.bizkaia@coavn.org helbidera idatziz erreserbatu beharko dute gonbidapena, 15:00ak baino lehen.