Bilbao Arte Fundazioak zinemaren historiari errepasoa emango dio gaur ArtHouse Zineman. Claude Chabrol zinemagile frantziarrari eskainitako zinema zikloaren baitan, Madame Bovary (1991) lana egongo da ikusgai, 18:30ean.
BilbaoArte Fundazioak zinemagile frantziarraren azken hamarkadetako 12 film pantailaratzeari ekin zion urtarrilean, hilabetero bat, azken asteazkenetan. 60ko hamarkadan eztanda egin zuen Nouvelle Vague mugimenduko zinemagilea izan zen Chabrol, eta mende erdi baino gehiago eman zuen jardunean. Filmak zuzentzen hasi aurretik baina, Cahiers du Cinéma aldizkarian zinema kritikak idazten zituen. Le beau Serge (1958) filmarekin egin zuen debuta, emazteak jasotako herentzia batekin finantzatutakoa, eta urte berean zuzendutako Les cousins-ek (1958) Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinalean.
Bada, Gustave Flaubert idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako Madame Bovary filma pantailaratuko dute gaur, ArtHouse Zineman. Emma Bovary du lanak protagonista, landa-eremuko sendagile baten emaztea, Isabelle Huppert frantziar zinemagintzako aktore miretsienak interpretatutakoa.
18:30ean ekingo diote saioari, eta sarrera doakoa da. Hala ere, bertaratu nahi dutenek aldez aurretik erreserbatu beharko dute, telefonoz deituz (94 415 50 97). Pertsona bakoitzak gehienez bi eserleku erreserbatu ahal izango ditu, eta horiei zenbaki bat esleituko zaie. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea.