Ephraim Asili zinemagile, artista eta hezitzaile estatubatuarrak bere azken lanak oinarri izango dituen lantegia emango du ekainaren 4an, Gasteizko Artium Museoan. ‘Sight/Sound. Clash/Improv.’ Izenpean, hiru zatitan banatuko da tailerra: ikerketa prozesua, soinua eta irudia izango dute parte hartzaileek aztergai.
Afrikako diasporaren indar kulturalaren inguruan gauzatu ditu Asilik bere proiektuak, eta zuzendutako filmak mundu osoko zinema jaialdi eta erakusketetan proiektatu dituzte, bestea beste, New York Film Festivalen, Toronto International Film Festivalen, Berlinalen edota Rotterdamgo Nazioarteko Zinema jaialdian.
2020an zuzendu zuen bere lehen film luzea, The Inherance, eta Whitney Museum of American Art-ek erosi zuen bilduma iraunkorrerako. Hurrengo urtean, John Simon Guggenheim Memorial Foundation beka jaso zuen artistak, bertan proiektuak gara ditzan, eta gaur egun, Bard-eko Fakultateko Zinema eta Arte Elektroniko Saileko katedraduna eta zuzendaria da, baita Milton Avery School of the Arts-eko zinema-programazioaren zuzendarikidea ere.
Gasteizen izango du zinemagilea ekainean, izan ere, hilaren 4an, Fluid Frontiers (2017), Measuring Time (2019) eta The Inherance lanetan jorratutako metodologiak ikertzen dituen hiru zatiko lantegia eskainiko du Artium Museoan. 15:00etan hasiko da, eta 19:00etan bukatu. Lehen zatia ikerketan oinarrituko da, bigarrena soinuan eta hirugarrena irudian.
Tailerra ingelesez izango da, eta izen-ematea doan da. Horretarako baina, izen-emateak@artium.eus helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute interesatuek.