Pixel ekoiztetxeak Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean sortutako Urak aske (2021) film dokumentala izango da ikusgai Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak maiatzean egingo duen zineforum saioan. Bego Zubia zuzendariak aurkeztuko du, datorren maiatzaren 25ean.

800 kilometrok banatzen dituzte Vezinseko eta Artikutzako urtegiak, eta huste lanak aldi berean egin badituzte ere, modua ez da berdina izan. Lehenengoan, hamar urteko prozesu gatazkatsuaren ondoren, Sélune ibaia oztopatzen zuen horma kendu dute, ura itzul dadin. Bigarrenean, natura poliki-poliki leheneratu da, nahiz eta 42 metro altu den hormak zutik jarraitzen duen. Bi miloi m3 hustu dituzte urtegitik, eta desagertzeko zorian dagoen muturluze piriniotarrari bizirik irauteko aukera eman diote horrela. Mundu osoko ikertzaileen interesa piztu dute bi urtegiek.

«Presak kendu, ibaiak berreskuratu» leloa duen Urak aske (2021) dokumentalak 74 minutu iraupena du eta norberak naturarekin duen harremanaz pentsaraztea du xede nagusia. Bego Zubia Gallastegi Elhuyarreko kideak aritu da zuzendari lanetan, Juantxo Sardon Altuna Pixeleko kidea izan du argazki zuzendaria eta dokumentalarentzat bereziki konposatutako musikaren egilea Igor Arroyo izan da. Urtegiaren hustuketaren eta naturaren leheneratze-prozesuaren arteko lotura ere irudikatu dute filmean, Miren Gojenola Arriagak zuzendutako proposamen artistikoaren bitartez.

Halaber, hainbat adituren iritzi eta testigantzak bildu dira bertan: Arturo Elosegi, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologiako katedraduna; Jorge González, Biologian doktore eta Desma Estudios Ambientales enpresako kidea; eta Miren Atristan eta Amaiur Esnaola, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak.

Donostiako Trueba aretoan, iragan martxoan egindako emanaldian aurkeztu zioten filma publikoari eta Hego Euskal Herriko hainbat txokotan pantailaratu dute ordutik: Gasteiz, Arrasate, Iruñea, Lezo, Antzuola, Urrotz, Bergara, Linzoain, Goizueta… Bada, beste hainbeste emanaldi proiektatu dituzte datozen asteetarako: Oñatin, Zumaian, Donostian eta Errenterian.

Hitzordua Bagera ZineForumarekin

Hain zuzen ere, Donostian egingo duten hitzordua dagokio Bagera Elkarteak kudeatutako zineforumari. Maiatzaren 25ean, 18:30ean, Lugaritz Kultur Etxean egingo dute emanaldia, eta Bego Zubia Gallastegi (gidoilaria eta zuzendaria) egongo da bertan filma aurkeztu eta ondorengo solasaldian parte-hartzeko. Dinamizatzaile papera, aldiz, Kresala Zineklubeko Aña Piñel kideak beteko du.

Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.