The Assistant (Kitty Green, 2019) filmak emango dio jarraipena bihar, hilak 24, Ozzinema Zineklubak prestatutako egitarauari, Errenteriako Niessen Kulturguneko zinema aretoan.

Ozzinema-The Assistant-zinea

Me Too mugimenduari buruzko behin betiko thrillerra izan nahi duen filma ikusteko aukera izango da aurrenekoz Euskal Herriko areto batean. Kitty Green zinemagileak Harvey Weinsteinen figura salatzeko asmoz, zinema ekoiztetxe batean lehen urratsak ematen hasi den ekoizle-laguntzaile batengan jarriko du fokua.

Jane unibertsitatetik irten berri den gazte bat da, entretenimenduaren industriako exekutibo boteretsu batentzat lan egiteko aukera suertatuko zaiona. Kafea prestatu, fotokopiak atera, bazkaria antolatu, bidaiak prestatu, telefono bidezko mezuak jaso etab. Horiek bere eginbeharrekoak. Eguneroko errutinan murgildu ahala enpresabururen jarrera maltzur eta gehiegizkoez jabetuko da, eta erabaki bat hartuko du, sistemaren benetako funtzionamendua barru-barrutik ezagutzeko.

The Assistant lana soiltasun estilistiko ikaragarriaz dago sortua. Justizia poetiko zinematografikoaren keinu ausarta da, premiazkoa. Emakumezkoek industrian pairatzen dituzten jokabide amoral eta iraingarriak naturaltzat nola hartzen diren erakutsiko du, eta ekosistema horren korrontearen kontra arraun egiten dutenei ahotsa eman nahi die.

Saioa Errenteriako Niessen zinema-aretoan egingo dute, 19:30ean hasita, eta sarrerak kulturguneko leihatilan, Lekuona Fabrikan eta Interneten eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.