Has gaitezen datuetatik: 5.657 egiaztatutako tortura kasu, eta 11 hildako. % 2,5 dira soilik ofizialki aitortutako kasuak, eta % 0,9 tortura horien biktima gisa kontsideratutakoak. Guztira, 12 kondena jaso ditu Espainiako Gobernuak. Hotzean eta motzean, latza. Euskal Herrian bada itxi gabeko zauri bat, errealitate bat, 1999an torturatua izan zen Nekane Txapartegi asteasuarrak onartu bezala, tabu bat: “Ezezagunei jasandakoa kontatzea errazagoa da senideekin gaiaz hitz egitea baino”. Hala aitortu du kamera aurrean. Bi arnas dokumentalean parte hartu du, Pako Etxeberriarekin eta Serge Portellirekin batera. Auzi medikua eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilea da lehena; Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohi, abokatu eta torturaren kontrako ekintzailea, bigarrena . Tortura jardunbide isolatu eta bakartia ez dela argi uzten duten testigantzak dira haienak, eta Auzitegi Nazionalak onartu edo egiaztatu nahi ez baditu ere, eginak prozedura sistematiko baten ondorio direla ziurta dezaketenak. Ez dira hitzartze isolatuak Txapartegi, Etxeberria eta Portellirenak, Bi arnas irabazi asmorik gabeko proiektuko protagonista diren Iratxe Sorzabal alaba eta Maria Nieves Diaz amaren elkarrizketa sentibera elikatzen eta ahalduntzen duten ur-tantak baizik.
Itsaso zabal eta bortitzean arraunean dabiltzan bi ontzi lerratzea lortu dute Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak, ordubete eskas irauten duen dokumentalaren sustatzaileek, eta pozik eta harro azaldu dira maiatzaren 22an, Irungo Amaia Kultur Etxean, egin duten aurkezpen ekitaldian: “Iratxek eta Maria Nievesek sekulako konfiantza jarri dute gugan. Eskuzabalak izan dira gurekin, eta batez ere, ausartak. Lehenbiziko aldiz, gure esku jarri dute beren mina. Zaurgarritasun hori izan da gure lanabesa, eta bihotzez eskertzen diegu. Bien arteko elkarrizketa hori beraiek sortu dute, eta guk egin duguna izan da beharrizan horri leku bat eskaini. Dokumentalak atea ireki die beraien artean inoiz konpartitu ez duten momentua elkarbanatzeko”.
Maria Nieves bertan izan da; Iratxe ez. Amak, senide, lagun eta herritarrez inguratuta entzun ditu Fernández Elorz eta Arzuagari aitortutakoak, duela urtebete Kantauri Itsasoko haitz eta labarretan hitzez azaldutako sufrikarioa, Eneritz Furyakek konposatutako -eta emanaldiaren aurretik zuzenean interpretatutako- gitarra-melodia eklektikoak girotutakoa. Alabak, aldiz, egun eta ordu berean (18:30ean) berrikusi ditu 2001ean, torturatua izan ostean, ziegan bertan eman zuen elkarrizketaren irudi eta lekukotza gordinak. Espetxetik, dokumentalaren sortzaileek bertara propio bidalitako kopiari esker.
Ezustean baina, Maria Nievesek 2015az geroztik atxilo duten Iratxeren ahotsa izan du gonbidatu, audio-mezu baten bidez Euskal Herritik Pariseko presondegira dauden 925 kilometroak ezabatu egin baitira minutu batez, bederen: “Bi arnas, tortura salatzeko ekarpena. Hondar alea izatea du helburu dokumentalak. Tortura ez baita iraganeko kontua […] Réauko espetxeko ziegan nagoela elkarrekin deskubrituko dugu. Besarkada proiektua bultzatu duten guztiei, eta torturatu eta errepresaliatu guztien senideei. Eta besarkada berezia gure ama guztiei. Bi arnas hauek milaka arnas dira. Herri bat gara, segi dezagun borrokan tortura iraganeko kontua izan dadin benetan”.
Euskal zinemagintza kontu eske
2011ko urriaren 21az geroztik hartu du euskal zinemagintzak isildutako -edo isilarazi nahi izan dituzten- hainbat auzi mahai-gainean jartzearen ardura. Kontu eske datoz zinemagileak, ‘Euskal Gatazka’ delakoaren itzala argitzera. Askotariko ertzak ditu ekuazioak, espainiar begirada azken urteotan eraikitzen tematu den errelato ofizialarekin zerikusirik ez dituztenak. Aitor eta Amaia Merinoren Asier eta Biok (2013) lanak abiatu zuten Euskal Herriko iragan hurbilarekin aurrez aurreko hartu-emana, eta gerora etorri dira Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga, 2018), Jainkoak ez dit barkatzen (Josu Martinez, 2018), Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa (Bertha Gaztelumendi, 2019), Non dago Mikel? (Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’, 2020), Bi urte, lau hilabete eta egun bat (Lander Garro, 2020), Caminho Longe (Josu Martinez, 2020), Apaiz kartzela (Ritxi Lizartza, David Pallares eta Oier Aranzabal, 2021), Bolante baten historia (Iñaki Alforja eta Iban Toledo, 2021), Tipularen sehaska kanta (Lander Garro, 2021), Karpeta urdinak (Ander Iriate, 2023), 918 gau (Arantza Santesteban, 2022), besteak beste.
Lerrokatze horren baitan badu tokia Bi arnas lanak. Aurretik aipatutako ekoizpen asko bezala, ez-fikziozkoak denak, crowdfunding bidez, hau da, herritarren ekarmenez finantzatutakoa da. Ama-alaba batengan torturak sortzen duen zauria erditzea izan dute Fernandez Elorz eta Azuagak erronka, eta Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen zein herritarren auzolana izan dute; diru-laguntza publiko eta ekoizle handien babesik ez. Itsulapikoa.eus ataria erabiliz, diru-bilketa deialdia egin, eta 400 pertsonatik gora izan dira proiektua aurrera ateratzen lagundu dutenak. Horietako asko, maiatzaren 22an, Irungo Amaia Kultur Etxean batu dira, dokumentala ikusi eta honek oihukatzen duen aldarriarekin bat egiteko asmoz. “Euskal Herrian torturak jasan dituzten guztientzat arnas bat izatea nahi nuke dokumental hau, baina baita torturarekin amaitzeko grina piztuko duen lana izateaere”, sustatzaileek bota, eta bertaratutakoek txalo zaparrada amaiezinaz erantzun.