Ortzaizeko Herriko Etxeak eta EKE – Euskal Kultur Erakundeak antolatuta, zinema saio berezia eskainiko dute gaur, Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) zinema aretoan. 20:00etan hasita, bertako biztanleen testigantzak biltzen dituen emanaldi egingo dute lehenik, eta Lur Olaizolaren Zerua blu (2020) film laburra proiektatuko dute gero.
Ortzaiztarrak mintzo, Euskal Kultur Erakundeak azken urteotan jasotako herriko biztanleen testigantzek emango diote hasiera gaur bertan zinema aretoan eskainiko duten saioari. Guztira, 12 gizon-emakumeren ahotsa entzun eta horien lekukotzak bilduko dituen emanaldia izango da, eta ostean, KIMUAK 2021 deialdian aukeratua izan den Olaizolaren Zerua blu film laburra pantailaratuko dute.
Sheffield Doc Fest dokumentalen jaialdian izan zuen zinemagile donostiarraren lanak nazioarteko estreinaldia, eta aurretik, Bilboko ZINEBI festibalean lehiatu zen. 1954ko urtarrilaren 24an, 22 urte zituela, Mamaddi Jaunarenak El Havretik New Yorkerako itsasontzia hartu zuen, baina bidaia hura lehenago hasi zen, Ortzaize sorterriko zineman, pantailatik atera, bizitza zeharkatu eta inoiz uzten ez zaituzten irudiekin: Cadillac ederra, neska gaztea, zerua blu. Lanak Espainiako Film Labur Onanaren sari nagusia jaso zuen, “Euskaditik Amerikara joandakoen gaia jasotzeko eta kontatzeko duen modu berritzaileagatik”, epaimahaiaren hitzetan.