Mari Nieves Diaz amaren eta Iratxe Sorzabal alaba torturatuaren testigantzak jasotzen dituen dokumentala maiatzaren 22an estreinatuko dute Irungo Amaia Kultur Zentroan. 18:15ean hasiko dute emanaldia eta bertaratu nahi dutenek eskuragarri dituzte gonbidapenak.
“Azken bost hamarkadetan tortura eta tratu txarrak sufritu dituzten euskal herritarrak milaka zenbatu daitezke, nahiz eta, bakan batzuk baizik ez diren ofizialki aitortuak izan. Hori gutxi ez eta asko dira torturetan oinarritutako testigantzen ondorioz preso segitzen duten euskal herritarrak”. Hitzok erabilita aurkeztu du herritar talde batek esku artean duen irabazi asmorik gabeko proiektua. Egitasmoa martxan jarri zutenean, 15.000 euroko aurrekontua aurreikusi zuten, ekoizle handien eta diru-laguntza publikoen babesik gabe, eta itsulapikoa.eus ataria erabiliz, auzolanaren eta elkartasunaren bidez, 12.525 euro lortu dituzte sustatzaileek, ezarritako kopuru optimoa gaindituz.
Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du, eta igandean, maiatzak 22, ikusiko du argia. Irungo Amaia Kultur Zentroan erakutsiko dute lehenengoz, 18:15ean, eta sortzaileek gonbidapenak banatuko dituzte. Bertaratu nahi duten herritarrek biarnasdokumentala@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz eska ditzakete sarrerak.
Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikustaraztea du helburu filmak, eta Iratxe Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere ama Mari Nieves Diazen sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bilduko dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi mediku eta Eusko jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilearena; eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.