Sebastian Meisek zuzendutako Grosse Freiheit (2021) ekoizpen alemaniarra pantailaratuko du gaur Errenteriako OzZinema Zineklubak. Alemaniako zigor kodearen 175. artikuluari buruzko begirada kritikoa proposatuko du iazko Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean Epaimahaiaren Saria irabazi zuen lanak.

Great Freedom-Ozzinema-zinea

Maiatzaren 17an aldarrikatu ohi den LGTBI+ fobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, OzZinema Zineklubak Grosse Freiheit filma pantailaratuko du gaur Errenteriako Niessen Kulturguneko zinema-aretoan. Astearteroko saioa astelehenera aurreratu dute.

Hans protagonistaren istorioa islatuko du filmak, Viktor hiltzaile presoarekin izandako  harremanaren hiru unetan (1945, 1957 eta 1969). Finean, kartzelako maitasun bat topatuko du publikoak, Alemania demokratikoan homosexualek jasan zuten errepresio bortitza dela eta, Hansen kartzelako sartu-irtenek indartu eta konpasatutakoa.

Alemaniako zigor kodearen 175. artikuluari buruzko begirada proposatuko du lanak, zeinak Estatuari homosexualak jazartzea ahalbidetzen zuen. Aliatuek gizon homosexualak kontzentrazio-esparruetatik nola askatu zituzten azaltzen duten txostenak daude gertaeraren oinarrian, zuzenean kartzelara eramateko, gainerako zigorrak betetzeko. Artikulu hori indargabetu arte ez zen jazarpena amaitutzat eman.

Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean Epaimahaiaren Saria irabazi zuen lan miretsia aurrenekoz egongo da Gipuzkoan ikusgai.

Saioa Errenteriako Niessen zinema-aretoan egingo dute, 19:30ean hasita, eta sarrerak kulturguneko leihatilan, Lekuona Fabrikan eta Interneten eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.