FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 28. edizioko Sail Ofizialeko epaimahaiak  Oh-Seung Kwon zuzendariaren Midnight  filmari eman dio Film Luze Onenaren Saria. Palmaresa iragarrita, gaur iluntzean egingo duten itxiera ekitaldiak emango dio amaiera jaialdiari.

“Harrapatzen duen giro kezkagarriagatik, protagonistaren gorreriarekin jolasean soinu-planoaren erabilera bikainagatik, norabide eta interpretazio bikainagatik eta bizi garen bakardade izugarria transmititzeagatik” nabarmendu du Ana Murugarren zuzendari, gidoilari eta muntatzaileak, Jimina Sabadú gidoilari, idazle eta kultur kazetariak eta Borja Santaolalla gidoilari eta zuzendariak osatutako epaimahaiak film hegokorearra. Horrez gain, aipamen berezia eskaini diote Philip Gelattek eta Morgan Galen Kingek zuzendutako The Spine of Night lanari.

Aldiz, film laburren atalari dagokionez  Casper Kjeldsen daniarraren  In The Soil lana izan da onena, eta Borja Cresporen Hikikomori filmari eman diote euskal film labur onenaren golardoa. Epaimahaiak nabarmendu duenez, hiriko kultura, kostunbrismoa eta gaurkotasuna “ondo nahastu ditu” zuzendari bilbotarra, eta pertsonaiak garatu.

Gurera begira, oraindik, Aiora Sedano bilbotarrak eskuratu du Euskal Aktoreen Batasunak film laburretako aktoreen artean banatzen duen saria, Aitor Elorriaga Torrek zuzendutako El cometa lanean burututako lanagatik.

Palmaresa iragarria, jaialdia agurtzea besterik ez dute aurretik antolatzaileek. Gaur arratsaldeko 19:30etik aurrera, BBK aretoan egingo dute itxiera ekitaldia. Film sarituen emanaldi berezia, aldiz, bihar egingo dute: 18:00etan Ikuspegi Fantastikoaren Atala eta, 20:00etan, Sail Ofizialean saritutako tituluak.

Jarraian duzue palmares osatua:

SAIL OFIZIALA

– Sail Ofizialeko film luzerik onenaren saria: Midnight, Oh-Seung Kwon

– Sail Ofizialeko film labur onenaren saria: In The Soil, Casper Kjeldsen

– Epaimahaiaren saria euskal film labur onenari: Hikikomori, Borja Crespo

– Epaimahaiaren aipamen berezia: The Spine of Night, Philip Gelatt eta Morgan Galen King

– Euskal Aktoreen Batasunak euskal film laburretako antzezpen onenari emandako saria: Aiora Sedano, El Cometa

– Fas zineklubak Sail Ofizialeko zuzendari berritzaileenari emandako saria Más allá de los dos minutos infinitos, Junta Yamaguchi

– Euskal gidoigileen elkarteak Sail Ofizialeko film luzeen gidoirik onenari emandako saria: Let the Wrong One In, Conor McMahon

– Publikoaren saria Sail Ofizialeko film luze onenari: The Advent Calendar, Patrick Ridremont

– Publikoaren saria Sail Ofizialeko film labur onenari: Night Breakers, Gabriel Campoy eta Guillem Lafoz

IKUSPEGI FANTASTIKOA

– Epaimahaiak Ikuspegi Fantastikoa saileko film luze onenari emandako saria: Jacinto, Javier Camino Miguélez

– Epaimahaiak Ikuspegi Fantastikoa saileko film laburra onenari emandako saria: Un minuto, Miguel Alcalde