Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, Tabakalera eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, zinema-proiektuei zuzendutako aholkularitza saioak eskainiko ditu ekainaren 20an eta 21ean. Parte-hartu nahi duten ekoizleek maiatzaren 31ra bitartean aurkeztu ahalko dituzte eskabideak.

Maria Zamora ekoizleak gidatutako aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute proiektuek.
Nazioarteko bokazioa duten zinema-proiektuei eskainitako mentoretza saioak izango dira, film luze proiektuak garapen eta/edo preprodukzio fasean dituzten ekoizleei zuzendutakoak. Hain zuzen, laguntza honek, nazioartekotzeko eta Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan bazkide berriak bilatzeko abiapuntu sendoa eskaini nahi die ekoizleei.
Bada, deialdira aurkezten diren guztien arteko zinema arloko film luzeko 6 proiektu (fikzioa, animazioa, dokumentala) aukeratuko dira horretarako, eta bakoitzak bi orduko aholkularitza pertsonalizatua jasoko du Tabakaleran, Maria Zamora ekoizlearen eskutik.
Arestian aipatu bezala, aholkularitza-saioaren helburu nagusia hautatutako ekoizleei haien proiektuak nazioartekotzeko eta nazioarteko bazkideak eta nazioarteko finantzaketa-iturri berriak bilatzeko orientazioa eskaintzea da. Hartara, aholkularitza profesional pertsonalizatua jasoko du bakoitzak: feedbacka, ideiak, aholku praktikoak… Ekoizleek gaztelania izango dute lan-hizkuntza.
Parte hartu nahi izanez gero, formularioa behar bezala bete eta, eskatutako dokumentazioarekin batera, maiatzaren 31 baino lehenago bidali behar da Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiren posta helbidera: info@europacreativaeuskadi.eu
Ondorengoa duzue aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
- Sinopsia
- 5 eta 8 orrialde arteko tratamendua
- Aurrekontua (gutxi gorabeherakoa)
- Finantzazio plana
- Finantziazioaren egoera
- Lan-taldearen proposamen teknikoa eta artistikoa
- Ekoizlearen oharrak (egin nahi duen pelikula mota, erreferentzia zinematografikoak, koprodukzioa zein herrialdeekin egin nahi den, zein enpresekin…)
- Zuzendariaren oharrak
- CV: enpresarena eta ekoizlearena
- Kronograma
Maria Zamora ekoizleak gidatutako saioa
María Zamora (Valentzia, 1976) zinema ekoizlea da. 20 urtez, zinemagintzako talenturik nabarmenetako batzuk ekoitzi ditu Avalon PCtik, bazkide fundatzailea eta produktore exekutiboa izan baitzen. Bere lehen lanak Vera Fogwill eta Martin Desalvoren Las mantenidas sin sueños eta Federico Veirojen Acné izan ziren. David Planellen La vergüenza, Leon Siminianiren Mapa, Beatriz Sanchisen ‘Todos están muertos’, Nely Regueraren María y los demás, Carla Simónen Verano 1993 edo Nuria Giménez Lorangen My mexican bretzel bezalako Estatuko zuzendarien opera prima ugari ekoitzi ditu. Gainera, iaz Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen Carla Simonen bigarren film luzea Alcarrás, Elastica Films ekoiztetxe berritik ekoitzi du.