Donostia Zinemaldiak aktore frantziarraren ibilbide profesionala errekonozituko du aurten, irailaren 16tik 24ra ospatuko duten edizioan. Claire Denisek zuzendutako Avec amour et acharnement (2022) filmean parte hartu du berriki, eta Kursaal eraikineko K1 aretoan egingo duten emanaldian jasoko du saria. Gainera 2022ko festibaleko kartel ofizialeko irudia izango da.

Zinemaldia 70 kartela-zinea

Europar zinemagintzan aktore miretsirik bada, hori Juliette Binoche da. Laugarrenez hurbilduko da hirira, aurten baina, Zinemaldiak emango dion Donostia Saria jasotzera. 70. urteurreneko irudia ere izango da, festibaleko arduradunek Tabakaleran egindako agerraldian argitu bezala. Dimensión enpresak diseinatu du kartel ofiziala, Brigitte Lacombe argazkilariaren erretratu bat oinarri hartuta. Politikarien eta intelektualen erretratu ikoniko eta intimoak egiteagatik da ezaguna Lacombe, eta Wes Anderson, Sofia Coppola, Federico Fellini, Michael Haneke, Lynne Ramsay, Martin Scorsese, Quentin Tarantino, Steven Spielberg eta beste zinemagile batzuen errodajeak dokumentatu izan ditu.

Berlineko zinema-jaialdian zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi duen Claire Denisek zuzendutako Avec amour et acharnement filmean parte hartu du berriki Binochek, eta hain zuzen ere, lana Zinemaldian egongo da ikusgai. Kursaal eraikineko K1 aretoan egingo duten emanaldiaren baitan jasoko du aktore frantziarrak bere ibilbidearen omenezko errekonozimendua.

Frantziako Arte Dramatikoko Kontserbatorio Nazionalean trebatu zen, eta antzerkian eman zituen lehen urratsak. Liberty Belle (Pascal Kané, 1983) filmarekin egin zuen zineman debuta, eta ondoren, Jean-Luc Godard (Je vous salue, Marie, 1985), Jacques Doillon (La vie de famille, 1985), André Techiné (Rendez-vous, 1985) eta Leos Carax (Les amants du Pont-Neuf, 1991) zinemagileekin ere lan egin du, besteak beste.

75 pertsonaia inguru interpretatu ditu guztira: heroi boteretsuak, izaki hauskorrak, pertsonaia historikoak, rol dramatikoak eta rol komikoak. Hasieran, Frantzian bertan, eta gero nazioartean: The Unbearable Lightness of Being (Philip Kaufman, 1988), Wuthering Heights (Peter Kosminsky, 1992) eta Damage (Louis Malle, 1992). Krzysztof Kieślowskiren Trois couleurs: Bleu (Zabaltegi, 1994) trilogiaren lehen atalean egindako lanagatik emakumezko aktore onenaren saria eskuratu zuen Veneziako Mostran, eta The English Patient (Anthony Minghella, 1996) filmeko parte hartzearen ondorioz interpretazio onenaren sariak jaso zituen Berlinalean eta Oscarretan.

Bere azken lanen artean daude, orobat, Hirokazu Koreedaren La vérité (Perlak, 2019) eta Ouistreham (Emmanuel Carrère, 2021). Azken honek, iaz, Perlak sailean parte hartu zuen, eta Europako Film Onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria jaso zuen.

Euskal zinemaren leihoa

Zinemira sailak kartel propioa izango du lehenengoz, “begiradari eta bizitzari eta zinemari begiratzeko modu guztiei gorazarre” egingo dieten irudien bilduma batean barruan. Guille Viglion Dimension enpresako arduradunak aitortu duenez, “zinema begiratzeko modu bat da; zuzendariak bere begiradaz iragazitako errealitate bat sortzen du; ikusleak bere munduaren ikuspegia handitzen du; eta interpreteek kamerari begiratzen diote beren pertsonaiaren muina transmititzeko”. Hala, sortutako diseinuan begirada pausatu hori islatu nahi izan dute sortzaileek.