Pasaia Itsas Festibalaren baitan, hainbat film labur eta lan-dokumental eskainiko dituzte hilabete amaieran, herriko Juanba Berastegi Kulturgunean. Saio guztiak doan izango dira, eta filmen emanaldien ostean solasaldirako tartea egongo da, gonbidatu bereziekin.

aitamari-Pasaiako Itsas festibala-zinea

Itsas abenturarekin eta beste kultura batzuetako itsasontziekin topaketak antolatu dituzte Pasaiako Udalak eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak. Edertasunaren eta historiaren bidez, atzera begirada proposatuko dute hilaren 26tik 29ra, hainbat kultur ekitaldi eskainiz: kontzertuak, erakusketak, itsasontzietara bisitak, liburu aurkezpenak etab. Festibala hasi aurreko egunetan, baina, zinema izango dute protagonista.

Maiatzaren 18an, Urpekoak I eta Pedalkadak itsasoan film laburrak eskainiko dituzte Juanba Berasategi Kulturgunean. Ostean Xabier Urrestik zuzendutako eta Elkano 500 Fundazioak bultzatutako Haizeari mila galdera dokumentala emango dute. Saioa 19:30ean hasiko da, eta sarrera doan da, edukiera bete arte.

Hurrengo egunean, ordu eta toki berean, Urpekoak II film laburra eta Gente de mar zein Divino corte dokumentalak pantailaratuko dituzte. Xabier Alberdi historialariak hartuko du hitza ostean, ikus-entzuleekin solasteko asmoz.

Maiatzaren 22an, Urpekoak film sortaren hirugarren atala egongo da ikusgai, 19:00etan, eta Stella Maris Berria izandako hegaluze itsasontzia zaharberritu eta itsas salbamendu ontzi bilakatuta Mediterraneo itsasoan egiten duen lana kontatuko duen Aita Mari (Javi Julio, 2021) dokumentalaz gozatzeko aukera egongo da gero. Gainera, mahai-inguru interesgarria prestatu dute antolatzaileek Izaskun Arriaran (Aita mari ontziko erizaina), Amets Arzallus (bertsolaria eta idazlea), Isa Egiguren (kazetaria), Patricia Ponce Pascuale (Haurralde Fundazioko kidea) eta Gerardo Carrere (SOS Arrazakeriako kidea) parte hartzaile izango dituena.

Informazio gehiago, hemen.