Aitor eta Amaia Merinok zein Ander Iriartek sortutako La sombra del Nogal film luzea Alacanteko Fikziozko Proiektuen Laborategian parte hartzeko hautatu dute. Maiatzaren 23tik 27ra bitartean izango dute beren proposamena aurkezteko aukera.
Laugarrenez gauzatuko dute, Alacanteko Zinema Jaialdiaren baitan, fikziozko proiektuak garatzeko asmoz antolatutako laborategia. Sortzaile berrien eta industriaren arteko elkargunea izan nahi duen ekimena maiatzaren 23tik 27ra bitartean ospatuko dute. 122 proposamen aurkeztu dira 2022ko deialdira, eta 18 (11 film luze eta 7 telesail) aukeratu ditu hautaketa-batzordeak. Tartean dira, Aitor eta Amaia Merinok zein Ander Iriartek sortutako La sombra del Nogal film luzea.
Maiatzaren 23an ekingo diote laugarren edizioari, eta plataforma digitalak izango dituzte hizketagai. Hurrengo egunetan, fikziozko proiektuak aurkezteko tailerrak, pitching saioak, eta hautatutako proposamenei buruzko 15 minutuko defentsak osatuko dute egitaraua, eta finantziazioa hizketagai duen bigarren mahai-inguruak itxiko du jardunaldia. Hiru sari banatuko dituzte: Impulsa Proyecto Emprende Saria, SGAE Proyecto Creativo Saria eta A Punt Proyecto Ficción Saria.
Sei esku, elkarlanean
Ekoizle, zinemagile, eta gidoilariei zuzendutako jarduera da Alacanteko Fikzio Proiektuen Laborategia da, eta beren lan berrienarekin parte hartuko dute Merino anai-arrebek eta Iriartek. FANTASIA (2021) dokumentala zuzentzetik dator Aitor, bere gurasoen bizitza bereziari eta denboraren igarotzeari buruzko hausnarketa filmikotik. Aldiz, Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren ikus-entzunezko kronika egiten duen Non dago Mikel? lana zuzendu du Amaiak (Miguel Angel Llamas ‘Pitu’-rekin elkarlanean) 2020an, eta aurretik, anaiarekin batera, Asier Eta Biok (2013) ez-fikziozko ekoizpena sortu zuen.
Iriartek, ibilbide luzea du zinemagintzan (ikusi fitxa, Ganbaran). Echevarriatik Etxeberriara (2014) pelikularekin egin zuen debuta, eta Krask soinua (2021) da esku artean izan duen azken proiektua. Bost urtez aritu da prestatzen, Francisco Etxeberria Gabilondo doktoreak zuzendutako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco lanak agerian utzitako abusu eta jazarpen ikerketak oinarri hartuz. (Ikusi zinemagile oiartzuarrari egin genion elkarrizketa, hemen).