Publikoa, industria, prentsa eta hiria bera izango dira, Donostia Zinemaldiaren 70. urteurrena aitzaki, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak aurkeztu duten erakusketaren protagonistak. ‘Imaginatu zinemaldia’ izenburupean, uztailaren 4tik irailaren 24ra bitartean izango da ikusgai.

Proiektua Donostia Zinemaldia eta Tabakaleraren elkarlanetik jaiotako ekimena dela azalduz hasi du aurkezpena Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariak:  “Ez litzateke posible haiek gabe. Era berean,  Donostiako Udala edota Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako babesik gabe ere”. Hain zuzen, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren espazio nagusiak hartuko dituen ibilbide gisa aurkeztu dute erakusketa, profesionalak, publikoa eta Donostiako hiria protagonista izango dituen bidaia. Tabakalera 2022ko uztailaren 4tik irailaren 24ra, zinemaldia amaituko den egunera arte, egongo da ikusgai.

Urte luzez jaialdiaren “memoriaren zaindari” izandako Morgancrea estudioa arduratu da mostra sortu eta haren komisariotza lanak egiteaz: “Zinemaldiaren sortzaile izandako Francisco Aranaz-Darrási egindako elkarrizketa batean, hark azaldu zigun Cannesko festibaletik gogoz blaituta iritsi berri zen lagun baten  ‘Eta jaialdi bat sortzen badugu?’ galderan duela jatorria ekimenak; ideia horretatik abiatuta sortu dugu guk Imaginatu zinemaldia”, azaldu dute Carlos Rodríguez eta Asun Lasarte arduradunek. Zinemaldiarentzat ezinbestekoak izan diren pertsona eta erakundeak izango ditu oinarri: “Zer da 70. urteurren hau, obra kolektiboa ez bada?”.

Beti fokutik kanpo gelditzen diren antolakuntzako kideekin hasiko dute bidaia; jaialdia egin, elikatu, aldatu, hobetu eta herriak edo garaiak eskatutako beharretara egokitzen asmatu duen profesional talde paregabearekin. Akreditatuen itzaletik igaroko da ere bai, jaialdia “lantzen duten” komunikabide eta ikus-entzunezko profesionalen sare erraldoietik; Donostiako hiriari ere egingo dio gorazarre, bertako saltokiei, ostalaritzari, zinema-aretoei, erakundeei, enpresei eta kolektiboei, “70 urteko abentura honetan lagundu dutenak eta ezinbestekoak izan direnak”. Azkenik, publikoa aintzatetsiko da, Donostia Zinemaldiaren nortasun-ikurretako bat baita, nazioarteko beste zinema-jaialdi handi batzuen aldean.

Era berean, mugarri nagusiak gogoratzeko, Zinemaldiaren nortasun-ikur ugari erabiliko dira erakusketan. Hori horrela, Zinemaldiaren alderdi ludikoenak gogoratuko dituzten elementuak erakutsiko dituzte zentroan; tartean, photocalla, Zinemaldiaren Egunkaria, zinema-aretoak eta alfonbra gorria –protagonismo berezia izango du–. Hala, Imajinatu Zinemaldia -k ikus-entzunezko elementu ugari izango ditu, eta, edukiak ikusteko, pantaila eta gailu digital ugari egongo dira.

Herritarren parte-hartzea

Hain zuzen ere, ikus-entzunezko elementu horien bidez gorpuztuko dute erakusketa eta publikoaren arteko lotura: herritarrak, edizioz edizio, ateratzen joan diren argazkiez osatutako bilduma izango da ikusgai. Horretarako, herritarrek argazkietan bildu dituzten oroitzapen pertsonalak igortzeko, online kanal bat jarri du martxan zinemaldiek. Haren bidez, edozer une bidal dakieke erakusketako komisarioei: aktore desberdinekin ateratako selfiak, alfonbra gorrian hartutako irudiak, zinemaldiak hirian sortzen duen giroa islatzen dutenak… guztiak izango dira egoki eta ongi etorriak. Mostraren komisarioak arduratuko dira, gero, irudien aukeraketa bat egin eta publikoa ardatz duen erakusketako espazio bateko pantailetan erakusteaz.

Argazkiak bidaltzen dituzten lehen 500 pertsonek, gainera, Belodromoko saio baterako sarrera bikoitz bana jasoko dute sari gisa.

Zure argazkiak Zinemaldira bidaltzeko, egin klik HEMEN.