Lander Garro sortzailearen Tipularen sehaska kanta dokumentalak maiatzean izango dituen emanaldien berri eman du Sare Herritarrak. Gastibetza Filmak ekoiztetxearekin elkarlanean sustatutako proiektua da, crowdfunding kanpaina bidez finantzatutakoa. Lanak espetxean gaixotasunak suposatzen duen samina azalera ekarri nahi du.

Tipularen sehaska kanta-maiatza-zinea

“Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarengana joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da” hitzekin aurkeztu du proiektua Garrok. Dokumentalaren izenburua Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik dator, eta analogia historikoa eginez, osasun eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratzeko asmoa du sortzaileak. Horretarako, kartzelan gaixo egondakoen esperientzia jaso du, baita haien senideek bizitakoa ere. Film politikoa baino gehiago film artistikoa da Tipularen sehaska kanta, lehen pertsonan eta hesteetatik kontatua.

Giza Eskubideen alde dauden norbanakoak saretzeko bokazioa duen Sare Herritarra eta Gastibeltza Filmak Senpereko ekoiztetxea dira proiektuaren sustatzaileak, eta 2021eko ekainean Verkami plataforma bidez abiatutako crowdfunding kanpaina erabili dute finantzatzeko eta 18.090 euro bildu dituzte. Jasotako diruarekin, hain zuzen, dokumentalaren ekoizpen, edizio, itzulpen eta banaketa gastuak estaltzea izan dute helburu.

Garrok Durangoko Azokako Irudienea gunean aurkeztu zuen 2021ean Tipularen sehaska kanta dokumentala, eta otsailaren 3an Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zuen. Orain artekoez gain, maiatzean emanaldi gehiago izango dituztela aurreratu du Sare Herritarrak:

  • Maiatzak 03 | Ordizian, 19:30ean – Herri Antzokian
  • Maiatzak 05 | Altsasun, 18:30ean – Kukuerrekan
  • Maiatzak 05 | Portugaleten, 19:30ean – Merkatuan
  • Maiatzak 06 | Deban, 19:00etan – Kultur Elkartean
  • Maiatzak 06 | Zumaian, 20:00etan – Aita Mari Zineman
  • Maiatzak 06 | Elizondon, 19:00etan – Arizkunenean
  • Maiatzak 06 | Uharte Arakilen, 19:00 – Udaletxean
  • Maiatzak 12 | Igorren, 19:00etan Kultur Etxean
  • Maiatzak 13 | Etxaurin, 19:00etan – Udaletxean
  • Maiatzak 18 | Lazkaon, 18:30ean – Areriako zinema aretoan
  • Maiatzak 19 | Uharten. 19:00etan – Kultur Etxean
  • Maiatzak 20 | Etxebarrin, 19:00 – Kultur Aretoan
  • Maiatzak 20 | Mañarian, 19:00 – Liburutegi Zaharran
  • Maiatzak 25 | Ermuan, 18:30ean – Lobiano Kultur Gunean
  • Maiatzak 27 | Ataunen, 18:00etan Herri Antzokian
  • Ekainak 9 | Itzubaltzetan, 19:30ean – Itzubaltzetan-Romo kultur etxean