Red_Rocket-Txomin-Lasa-zinea

Zuzendaria: Sean Baker

Urtea: 2022

Herrialdea: AEB

-Pastel koloreek ezkutatzen dutena-

Aski da Sean Bakerren azken filmeko lehen bizpahiru planoak ikustea, Texas City-ko bazterretan William Eggleston edota Joel Meyerowitz argazkilari amerikarrek atzeman zuten hoztasun koloretsu berbera nabaritzeko. Alde horretatik, baliteke Drew Daniels argazki-zuzendaria eta Baker bera pasaden mendeko pop art-aren eskolakoak izatea. Warholen iragarki-estetika gaur egunera itzuliz, errepide pareko gasolindegietan, donut denda koloretsuetan, eta arrosa-pastel koloreko etxebizitza kitschetan jarri dute begirada. Denak erdi hutsik, ordea, koloretsu, baina hotz. Fabriketako kutsadurak “pasteldu” ote ditu Trump eta Hillary-ren propaganda kartel erraldoien tonalitateak? Atzealdean, izan ere, petrolio findegiak ditugu ikusgai —hauek ere hutsik badirudite ere, beti martxan, mamuak balira bezala—. Langabeziak eta crackak irentsi duen hiri deprimituan, fabrika tximenetatik ateratzen den keak iraganeko amets bat dirudi.

Filmeko lehen irudiek berehala kokatuko gaituzte, beraz, denbora-espazio koordenada zehatzetan: Texasen gaude, eta 2016ko Estatu Batuetako hauteskundeak izatear dira. Ez da ordutik hona horrenbeste denbora igaro; ondo dakigu zer gertatu zen, baina agian ez hain ondo zergatik gertatu zen. Bada, Bakerren aurreko bi lanetan (Tangerinen eta Florida Projecten) salaketa politikoa agerikoa bazen, oraingo honetan, erreklamoak baino, ikerketa grinak gidatu du zinemagilea. Seguraski horrexegatik haserrearazi dezake filmak AEBn “ezkerraldeko” stablishmenta: pertsonaia-ikerketa sakon baten bidez hurbildu nahi izan da Baker azken urteetako panorama politiko arraro honetara, ez, ordea, diskriminatutako minoria baten bidez, ezta enpatia erraz sentiarazi dezaken neskato errugabe baten bidez. Protagonistak Mikey Saber du izena, eta pornografiaren munduan dena irabazi eta dena galdu ondoren bueltan da Los Angelesetik Texasera.

Robe Lowek edo Donald Trumpek duten beltzaran horixka horrekin bueltatu da Mikey, Malibuko eguzkiak edo UVA izpiek belztu ote duten zalantzan jartzen zaituen tonalitate arraro horrekin. Texas City-ko pastel-kolore estetikak ezkutatzen duen hoztasunak bezalaxe, atsegina izan nahi duen azal-koloreak ezinegona besterik ez du sorraraziko. Zorionez, Simon Rex aktoreak maisuki daki bere pertsonaiaren berezko tentsioa komediaren bidez laxatzen. Hala eta guztiz ere, gogorra da txisteen atzean ezkutatzen den nihilismoa. Noski, amoralitatea ez da Bakerrena, benetan existitzen diren mila “Mikey Saber” horiena baizik. Bakerren eginkizuna ikerketa da, elezahar intentzio gabe, ikasgai merke gabe. Hutsetik zerbait ateratzen saiatzea, eta behar bezala lortu du.