Datorren maiatzaren 13an estreinatuko dute Ama Mu etxera itzuli da, 2022an Zinema Euskaraz programaren baitan estreinatuko den laugarren filma. Baserri bateko abereen bizipenetatik abiatuta, “etxe” hitzaren esanahiaren inguruko hausnarketa plazaratzen du lanak.

Etxaldera zikoina bidaiari bat iristen den egunean, Ama Muri galdera bat datorkio burura: “Non dago benetan nire etxea?”. Nola jakin dezake ziurtasunez bere landa eta bizitokitzat duen etxaldea bere benetako etxea direla? Izan ere, akaso bada toki hoberik mundu zabalean. Bele lagunak azalduko dio, orduan, besteen belardiak ez direla beti berdeagoak, ederragoak, zabalagoak. Baina Ama Muk ez dauka argi. Izan ere, batzuetan, galdu egin beharra dago berriro etxerako bidea aurkitzeko.

Christian Ryltenius zuzendariaren lan berriena euskaraz izango da ikusgai ostiraletik, maiatzaren 13tik, Hego Euskal Herriko hainbat aretotan: Donostiako Antiguo Berri zinemetan, Bilboko Golem Alhondigan  Gasteizko Gorbeia zinemetan, Iruñeko Golem La Morean,  Getxoko Zinemak aretoan eta Errenteriako Niessenen, besteak beste.

Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztutako lana da, 2022ko laugarrena. Aurretik, Ilargirantz (Ali Samadi Ahadi, 2021); Ainbo: Amazoniako gerraria (Jose Zelada eta Richard Claus, 2021) eta Barraskiloa eta balea eta itsasoko beste ipuin batzuk (Max Lang, Daniel Snaddon; Aliona Baranova; Barbora Valecká, Filip Pošivač eta Fabrice Luang-Vija, 2021) euskaratu ditu elkarteak.