Euskal zinemaren inguruan ikerketak egina da Josu Martinez zinemagile, idazle eta komunikazioan doktorea. Gure Sol Lekua (André Madre, 1956) euskaraz egindako lehen filmaren inguruan ardaztu zuen 2014an bere doktoretza tesia, eta hasitako bide horri jarraiki, orain arte bildu ez den euskal zinemaren historia biltzea izan du helburu aurkeztu berri duen Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza lanean. Eibarko Udalak eta UEUk lankidetzan ematen duten Juan San Martin beka jaso zuen 2019an, eta horren emaitza da “hutsune bat” betetzera datorren liburua.

2005era arte egindako bidea erakutsi du argitalpenean. Urte horretan kokatu du euskal zinemaren sorrera, eta hala izendatu du epilogo gisa idatzi duen liburuko azken atala: “2005ean estreinatu zuten Aupa Etxebeste, eta ordutik, ia urtero izan dira euskarazko filmak. Horregatik esaten dut euskal zinema jarraikortasunez eta normaltasunez urte horretatik aurrera egiten hasten dela. Horrek ez du esan nahi lehenago ez denik ezer egin, eta liburu honetan kontatzen dira ordura artekoak”.

Bada, obrak zinemak euskararekin izandako harremanean jarri du fokua, XX. mendeko sorkuntza zeharkatuko duen ibilbide baten bidez: zinema Euskal Herrira iristen den momentutik gaur egunera arte, Hegoaldean zein Iparraldean: “Noiz egon dira zinema egiteko saiakerak? Hegoaldean, gobernu bat egon den aro laburretan. 30eko hamarkadan saiakera batzuk, eta bereziki, 80ko hamarkadatik aurrera. […] Iparraldean, egiten ziren gauzak ziren umilak, ez baitzegoen mediorik, eta duela hiru urtera arte ez da egon instituzio propiorik. Nire ustez, Iparraldea momentu honetan dago Hegoaldea 70eko edo 80ko hamarkadetan zegoen antzeko momentuan”.

Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza argitalpena aitzaki, Martinezekin elkartu gara bere lanean sakondu eta euskal zinemaz solasteko, eta bideo sorta batean bildu ditugu elkarrizketak emandakoak.

Bigarren atala duzue honakoa.