Estibaliz Urresola zinemagile arabarrak 61. Semaine de la Critique sailean erakutsiko du Cuerdas, bere bosgarren film laburra. 75. Cannesko  Zinema Jaialdiaren baitan ospatuko duten frantziar zinemaldiko sail paraleloan lehiatuko da, eta hiru emanaldi izango ditu: maiatzaren 24an bi, eta hilaren 27an azkena.

Cuerdas-Cannes-zinea

Maiatzaren 17tik 28ra bitartean ospatuko da aurtengo Cannesko jaialdia, eta antolatzaileek eman dute sail ofizialean eta 61. La Semaine de la Critique atal paraleloan aukeratu dituzten filmen berri. Bertan izango da, haiz zuen ere, Urresolak idatzi eta zuzendutako Cuerdas film laburra, eta beste bederatzi film laburrekin lehiatuko da.

Maiatzaren 24an, 14:00etan, erakutsiko du lehen aldiz arabarrak filma, Miramar Antzokian; bigarren pase bat izango du, 19:30ean. Hilaren 27an ere, arratsaldean, ordu berean egongo da ikusgai, Les Visiteurs du soir zineman. Kaouther Ben Hania, Ariane Labed, Benedikt Erlingsson, Benoît Debie eta Moon yung Huh izango dira Semaine de la Critique saileko epaimahaikideak, eta Leitz Ciné, Discovery zein Canal + sariak irabazteko hautagai izango da.

Emakumeak protagonista

20.000 especies de abejas lanarekin Berlinaleko Co-Production Market 2022 merkatuan parte hartu berritan egingo du bidaia Urresolak (Begoña Suarez Ereño aktorearekin batera) Cannesera, Cuerdas aurkeztera.

Lanak emakumeez osatutako koro bat izango du ardatz. Banatzear daude, entseguetarako erabili ohi duten lokala alokatzeko udalak ez baitie diru-laguntza ematen jarraituko. Zinemagileak berak adierazi duenez, “kontakizunak oinarri dokumentala badu ere, benetako pertsonaiak zein lokalizazioak fikziozko dispositibo narratibo-filmikoarekin konbinatuko ditu, eta  horri esker, dimentsio intimoenera iritsiko gara, istorio lokala unibertsal bilakatuz”.

Gazteleraz filmatuta, 29 minutu irauten ditu, eta Muskizen zein Laudion hartu dituzte irudiak. Aktoreen zerrenda Suarezek, Miguel Garcesek, Xanti Agirrezabalak, Jone Laspiurrek, Oier Zuñigak eta Ainhoa Jauregi Ruizeik osatzen dute.

Sirimiri Films, Gariza Films eta Katz Estudio ekoiztetxeen ekoizpena da Cuerdas, eta ICAA, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza eta EiTBren partaidetza ditu. Juego de damas antzerki taldeak eta San Fuenteseko Emakumeen Koruak ere parte hartu dute proiektuan.