Pixel ikus-entzunezko ekoizpenak eta Elhuyar Fundazioak sortutako Urak aske lana Brasilgo ECOCINE – Ingurumen eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zinemaldian lehiatuko da abuztuan. Bego Zubiak zuzendutakoa, lanak Artikutza (Euskal Herria) eta Vezins (Normandia) urtegiak husteko eta haien presak kentzeko egindako urratsak jasotzen ditu.

800 kilometrok banatzen dituzte Vezinseko eta Artikutzako urtegiak, eta huste lanak aldi berean egin badituzte ere, modua ez da berdina izan. Lehenengoan, hamar urteko prozesu gatazkatsuaren ondoren, Sélune ibaia oztopatzen zuen horma kendu dute, ura itzul dadin. Bigarrenean, natura poliki-poliki leheneratu da, nahiz eta 42 metro altu den hormak zutik jarraitzen duen. Bi miloi m3 hustu dituzte urtegitik, eta desagertzeko zorian dagoen muturluze piriniotarrari bizirik irauteko aukera eman diote horrela. Mundu osoko ikertzaileen interesa piztu dute bi urtegiek.

«Presak kendu, ibaiak berreskuratu» leloa duen Urak aske dokumentalak 74 minutu iraupena du eta norberak naturarekin duen harremanaz pentsaraztea du xede nagusia. Bego Zubia Gallastegi Elhuyarreko kideak aritu da zuzendari lanetan, Juantxo Sardon Altuna Pixeleko kidea izan du argazki zuzendaria eta dokumentalarentzat bereziki konposatutako musikaren egilea Igor Arroyo izan da. Urtegiaren hustuketaren eta naturaren leheneratze-prozesuaren arteko lotura ere irudikatu dute filmean, Miren Gojenola Arriagak zuzendutako proposamen artistikoaren bitartez.

Halaber, hainbat adituren iritzi eta testigantzak bildu dira bertan: Arturo Elosegi, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologiako katedraduna; Jorge González, Biologian doktore eta Desma Estudios Ambientales enpresako kidea; eta Miren Atristan eta Amaiur Esnaola, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak.

Donostiako Trueba aretoan, iragan martxoan egindako emanaldian aurkeztu zioten filma publikoari eta Hego Euskal Herriko hainbat txokotan pantailaratu dute ordutik: Gasteiz, Arrasate, Iruñea, Lezo, Antzuola, Urrotz, Bergara, Linzoain, Goizueta… Bada, beste hainbeste emanaldi proiektatu dituzte datozen asteetarako: Oñatin, Zumaian, Donostian eta Errenterian.

Brasilen lehiatuko da

Aipatutako emanaldi horiez gain, berriki iragarri dute abuztuaren 11tik 21era ospatuko den Brasilgo ECOCINE – Ingurumen eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zinemaldian lehiatuko dela proiektua: “Brasilen izango gara, ECOCINE jaialdian aukeratu gaituzte eta pozik gaude, nola ez!”, adierazi dute sare sozialen bidez.

Garaipenen, porroten, galeren, konkisten, tragedien, gainditzeen, salaketen eta jardunbide egokien historia asko igarotzen dira urtero jaialdi brasildarraren programaziotik. Horixe du, hain zuzen, xede nagusia: baikortasuna areagotzen duten istorioak, edo espezieen arteko bizikidetza harmonikoaren aukerez mesfidatzen gaituztenak, gogoratzeko istorioak eta ahaztu ezin ditugunak bildu eta erakustea.