Azken hamarkadan nabarmendu dituzten lan onenak lekarren lehian jarriz, sari-banaketa ekitaldi berezia ospatu dute Flipesci saria ematen duten epaimahaiko kideek larunbatean, Donostian. Paul Thomas Anderson zinemagilearen Phantom Thread (2017) goratu dute denen gainetik, eta Shame (Steve McQueen, 2011) filmak jaso du lehenengoz banatu duten ikus-entzuleen saria.
2022an hamar urte bete dira zinemazale talde batek lehen Flipesci sariak banatu zituenetik, eta hitzordua goratzeko, ospakizun gaua antolatu zuten maiatzaren 7an, Donostiako Zinema 7 Hotelean. COVID-19aren pandemiak eraginda, azken bi urteetan ezin izan dute ohiko galarik egin, eta iragan mamuak uxatzeko asmoz, ekitaldi berezia prestatzea erabaki du “epaia ematen asmatzen duen epaimahai bakarrak”. Aurrez aurreko ekitaldia berreskuratu dutela aldarrikatzeko, azken 10 urte hauetan Flipesci saria irabazi duten filmen artean onenak aukeratu dituzte.
Thomas Anderson zinemagilearen Phantom Thread izan da garaile, bat ez, bost garaikur bereganatu baititu: film, zuzendari, gidoi (Thomas Anderson), soinu banda (Jonny Greenwood) eta gizonezko aktore (Daniel Day-Lewis) onenaren sariak eman dizkiote. Emakumezko aktore onena, aldiz, Olivia Colman (The Favourite, Yorgos Lanthimos, 2019) izendatu dute, eta taldeko interpretazio onenak, Philipp Seymour Hoffmanek The Master-en (P.T.A, 2012) eta Cate Blanchettek Carol (Todd Haynes, 2015) lanean egindakoak.
Ohorezko sariaren hartzaile, bestalde, Diego Soto kazetaria izan da, “zinema promozionatzeko eta zabaltzeko egindako lana” aitortu diote, Twitter sare sozialeko “commynity manager onena” dela aitortuz.
Ospakizunak, baina, maiatzaren 2an hasi zituzten. Flipesci sarien 10. urteurrenaren harira. Kresala Zineklubaren 50 urteko jarduna ere borobiltzeko, Shame filmaren emanaldia atondu zuten, Donostiako Principe aretoan. McQueenek zuzendutako drama-erotiko asaldagarria, hain zuzen ere, Flipesci Saria irabazi zuen lehen filma izan zen, baita lehenengoz eman duten ikus-entzuleen saria ere. Emanaldian bertan izan zuten bertaratutakoek bozkatzeko aukera, eta, hara non, irabazle suertatu da.