Isabel Castrok zuzendutako Mija eta Jordan Gallarren Dopo Yumemories filmak nagusitu dira hamabosgarren Donostiako Musika Dokumentalen Zinema Jaialdian. Guztira 23 lan izan dira astebetez ikusgai.
Maiatzaren 2 tik 7ra bitartean, musika doinuek hartu dute Donostia. Pandemiak eragindako data aldaketek baldintzatuta, inoizko edizio udatiarrena gauzatu zuten iaz, eta neguko giro ilunetik ihesi egin nahian, Eva Riveraren zuzendaritzapean ospatu berri dute hamabosgarren Donostiako Musika Dokumentalen Zinema Jaialdia. Egitarau zabala eta betea prestatu dute herritarrentzat, izan ere, 23 lan-dokumental eskaini dituzte, baina baita irrati-saioak, liburu aurkezpenak, solasaldiak eta kontzertuak ere.
Jorge Tur, Amanda Villavieja eta Joan Porcelek osatutako epaimahaiak hamabosgarren edizioko film luze onena erabakitzeko ardura izan du, eta “istorio delikatu eta zirraragarria” dela iritziz, Mija (Isabel Castro) dokumentala goratu du: “Doris Muñoz musika-managerraren eta Jacks Haupt artista latindar gaztearen eskutik, besteak beste, immigrazioaz, deportazioaren beldurraz, familia-loturez eta AEBetako gizarte mexikarreko amets amerikarraren promesaz hitz egingo digu”.
Bestalde, aipamen berezia egin diote My Lover The Killer. Lydia Lunch (Marc Hurtado) eta Nightclubbing: The Birth of Punk Rock in NY (Danny García) lanei. Azken honek 70eko hamarkadako punk rockaren kondaira zalantzan jartzen duela nabarmendu dute epaimahaikideek, “balizko istorio alternatibo bat berreskuratuz, Max ‘s Kansas City aretoaren memoriarena, mugimendu honen eszenaren eta artisten jatorria izan zena”.
Film laburren sailean, Maider Oleaga, Miren Iza-Tulsa eta Pela del Álamo aritu dira lanak ikusi eta baloratzen. Dopo Yumemories (Jordan Gallard) aukeratu dute “etxeko grabazioak musika eta adiskidetasuna ospatzen dituen film garaikide bihurtzeko duen gaitasunagatik” lan onena. Aipamen berezia, Miguel H. Ariza zinemagileak zuzendutako Dreams ekoizpen espainiarrak jaso du.
Kathryn Ferguson zuzendariaren Nothing Compares. Sinéad O’Connor filmak eman zion hasiera iragan astelehenean jaialdiari, eta berau izan da, hain zuzen ere, ikus-entzuleek gogokoen izan duten lana. Aldiz, Turning Man (Robin Trouillet) film labur alemaniarrak jaso ditu boto gehien.