Bistara! Euskal zinemaren saioak zikloa bueltan da, Pasaian. Urtero legez, Euskal Herrian filmatutako hiru ekoizpen eskainiko dituzte Trintxerpeko Alkateordetzan. Gaur ekingo diote jardunaldiei eta igandera bitartean film bana pantailaratuko dute 19:30ean.

Bistara euskal zinemaren saioak-zinea

Iker Elorrieta bilbotarraren lehenengo film luzea, El radioaficionado, izango da Bistara! Zikloari hasiera emango dion lana, gaur bertan. 69. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean lehiatu ostean, Estoniako Tallinn Black Nights FF zinema jaialdian parte hartu du iragan azaroan, eta Getxon estreinatu zuen abenduan:

Nikolas autismoa duen 30 urteko gaztea da, eta ama hiltzen zaionean, jaioterrira bidaiatzea erabakiko du. Misio bat bete nahi du, bi egunean itsaso zabalera heltzea. Bertan Ane aurkituko du, laguntzeko prest dagoen haurtzaroko lagun bakarra. Hala ere, komunikatzeko dituen zailtasunak direla-eta, Nikorentzat ez da erraza izango. Izan ere, mundu guztiak ez du maiztasun bera sintonizatzen. Kutsu soziala duen lana da Elorrietarena, modu soil eta minimalistan Espainiako lurraldean 400.000 pertsona baino gehiagok jasaten duten gaixotasun neurobiologiakoa jo puntuan jarriko duena.

Larunbatean, maiatzak 7, Manu Gomez gipuzkoarraren bigarren film luzea den Érase una vez en Euskadi, eta 69. Donostia Zinemaldian aurkeztu ostean zinema-aretoetara iritsi zen 2021eko urrian:

Euskadi 1985. Ikasturtea amaitu da, eta iritsi dira opor egunak. Marcos eta bere lagunak Euskadi zahar, borrokalari eta nahasi batean daude, grafitiz betetako eraikinetan pasako dituzte orduak, eta gomazko pilotek zein askatasun-ametsek girotuko dituzte kaleak. Zeru gris batez estalitako labirintoan barrena ibiliko dira, non heriotzak eta bizitzak harreman formalik dagoeneko ez duten. Irakurri Txomin Lasa kritikariaren iruzkina, hemen.

Igandean, aldiz, hilak 8, Igor Legarretaren Ilargi guztiak film fantastikoak itxiko du aurtengo emanaldi sorta. 69. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean erakutsi zuten lehiaketaz kanpo, eta sari bikoitza eskuratu du Montrealgo Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian:

Azken karlistaldia amaitzear dela, baso sakonean bizi den emakume misteriotsu batek umezurztegi batetik erreskatatuko du neskato bat. Larriki zauriturik, hiltzen ari dela sentituko du neskatoak, eta emakumea aingeru bat dela pentsatuko du, bere bila etorri dela zerura eramateko. Laster jakingo du izaki bitxi horrek betiko bizitza eman diola baina, aldi berean, gaueko iluntasunean bizi beharko dutela biek, “betirako”. Kondizio berri horretan, mingarria egingo zaio denbora igaro baina haur-gorputz berarekin segitzea; alabaina, Cándido ezagutuko du, etxean alaba izango balitz bezala hartuko duen gizon xume bat, eta bere izaeraren aurkako borrokan eta lapurtu zioten bizitza berreskuratzeko ametsean lagunduko dio. Ikusi Legarreta zuzendariari eta Josean Bengoetxea aktoreari ZINEAn egin genien elkarrizketa, hemen.

Saioak Trintxerpeko Alkateordetzan egingo dituzte, 19:30ean. Emanaldietarako sarrerak 3 euro balio ditu, eta aretoan bertan eskura daitezke, baita online ere.