918 gau dokumentalaren lehen emanaldia eskainiko dute gaur, hilaren 6an, DOK.fest München (Alemania) zine jaialdian, Arantza Santesteban zuzendariak berak aurkeztuta. Maiatzaren 12an eta 13an ere ikusi ahal izango da filma.
Errekonozimenduak pilatzen dabil Arantza Santestebanen 918 gau film esperimentala. DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaziz eman zion hasiera zinemaldien zirkuituari, eta Portugalen hasitako bideak jarraipena izan du, 39. Torino Film Festivalean -TFFDOC Internazionale saileko film onena-, Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian –Latexos saria eskuratuta itzuli zen bertatik- edota Iruñeko 16. Punto de Vistan -publikoaren saria zein epaimahaiaren aipamen berezia irabazi ditu-. Irakurri Ines Arruek idatzitako kritika, hemen.
Bada, Montevideon, Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiko 40. edizioaren baitan, proiektatu zuten apirilean zinemagile nafarraren lana eta maiatzean ere, bi hitzordu garrantzitsu izango ditu: Municheko 37. Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian parte hartuko du lehenik, eta Errumaniako One World Giza Eskubideen eta Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian.
Hain zuzen ere, gaur egingo dute Municheko jaialdian filmak izango dituen hiru emanaldietako lehena. 22:00etan hasiko da proiekzioa, Kino Atelier 1 aretoan, zuzendariak aurkeztuta, eta emanaldiaren ondoren, solasaldirako tartea izango dute. Gainerako bi emanaldiak maiatzaren 12an, 18:00etatik aurrera Neues Maxim aretoan, eta hilaren 13an, 18:00etan Neues Rorttmann aretoan, egingo dituzte.
Kontzientzia hartze bat
Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu egileak dokumentalean. Zaurgarritasunetik, inperfekziotik eta, noski, ausardiatik abiatuta, toki bat eman nahi die bizitako esperientzia ikusezin horiei. Txintxua Films eta Hiruko Filmak ekoiztetxeen bultzadaz egin zuen aurrera, eta aurreikusita dago 2022an helduko dela estreinaldi komertziala.