Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Goteo Fundazioarekin lankidetzan, Piztu META!  deialdia jarri zuen abian 2016an, eta ekimenaren 7. ekitaldia zabalik da ekainaren 23ra arte. Irailetik aurrera herritarrek egindako diru ekarpenaz gain, Aldundiak beste 70.000 euro jarriko ditu aukeratutako proiektuak finantzatzeko.

Piztu META! 2022-zinea

Tokiko kultur egitura aberasteko eta sendotzeko ekimen gisa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Harkaitz Millanek Piztu META! programa deialdiaren zazpigarren ekitaldia. Aldamenean, iazko deialdian parte hartu zuten Nerea Kortabitarte, ¡Viva la diferencia, Juliette! proiektuaren sustatzailea, eta Ander Gisasola, KZ50, historia de un cineclub dokumentalaren sortzailea izan ditu. “Ekimen honen bidez, lotura handiagoa lortu nahi dugu kultura-proiektuen eta gizartearekin sortzen dutenen artean; era berean, baliabide ekonomiko berriak erakarri nahi ditugu, bereziki eremu pribatukoak, eta Gipuzkoako kultura-jarduerari iraunkortasun handiagoa eman nahi diogu”, nabarmendu du Millanek.

Aurreko edizioetan bezalaxe, egitasmoak aurkezteko deialdia zabaldu dute lehenik, kasu honetan, ekainaren 23ra arte. Jasotakoen artean hainbat aukeratuko dituzte, eta irailaren 29an hasiko dute berauen finantziazioa bilatzeko matchfunding kanpaina Goteo Fundazioarekin lankidetzan. Haietako bakoitzak, jasotzen duen euro bakoitzeko, Aldundiaren euro bat gehiago izango du, arrakastarako aukerak biderkatuz. Aurrekontua 70.000 eurokoa da.

Dena den, crowdfunding proiektuak garatzeko tailerrak burutuko dira herritar guztientzat eskainiko dituzte tailerrak maiatzaren 25etik ekainaren 8ra, deialdian parte hartzeko asmoa duten egitasmoei aholkularitza eskaintzeko. Eta hautatutako proiektuen finantzaketa kolektiboari buruzko prestakuntza eta aholkularitza saioak ere, uztailaren 13tik irailaren 28ra bitartean.

Piztu META! datuak

Aurtengoa ekimenaren 7. edizioa izango da, eta azken sei edizioetan 92 proiektu gipuzkoarrek hartu dute parte, eta 886.871 euroko ekarpena egin zaio lurraldeko kultura-sareari. Iaz, hain zuzen ere, jasotako 36 proiektuetatik 15 aukeratu zituzten, eta 14 arrakastaz finantzatu. Herritarren ekarpena 57.722 eurokoa izan zen, eta guztira, 1.222 pertsonek ahrtu zuten aprte, 55 euroko batez besteko ekarpenarekin.

Informazio gehiago, hemen.