Euskal zinemaren inguruan ikerketak egina da Josu Martinez zinemagile, idazle eta komunikazioan doktorea. Gure Sol Lekua (André Madre, 1956) euskaraz egindako lehen filmaren inguruan ardaztu zuen 2014an bere doktoretza tesia, eta hala aitortu digu: “Orduan ohartu nintzen izugarrizko ezjakintasuna geneukala gure historiaz. Nik ikerketa hartan ezezagunak ziren gauza asko topatu nituen bezala, gauza asko geratzen dira oraindik ere ikertzeko”.

Hasitako bide horri jarraiki, orain arte bildu ez den euskal zinemaren historia biltzea izan du helburu aurkeztu berri duen Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza liburuak. Eibarko Udalak eta UEUk lankidetzan ematen duten Juan San Martin beka jaso zuen 2019an, eta horren emaitza da argitalpena. Obrak zinemak euskararekin izandako harremanean jarri du fokua, XX. mendeko sorkuntza zeharkatuko duen ibilbide baten bidez.

Azterketa bibliografiko sakona, iturri ezezagun ugariren azterketa eta egilearen ikuspegi propiotik jaiotako interpretazioak eta kritikak dira nagusi “hutsune bat” betetzera datorren liburuan: “Objektibo kontua bat da. Objektiboa aldatzen duzunean gauzak ezberdin ikusten dira. Uste dut liburu honek egiten duena hori dela. […] Adibidez, hemen agertzen diren gauza asko ez dira orain arte ezagutu, sinpleki, aurretik ikerketa egin dutenek ez dutelako jo euskarazko iturrietara, euskarazko prentsara edota ahozko lekukotzetara”.

Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza argitalpena aitzaki, Martinezekin elkartu gara bere lanean sakondu eta euskal zinemaz solasteko, eta bideo sorta batean bildu ditugu elkarrizketak emandakoak.

Lehenego atala duzue honakoa.