Doctor Strange in the Multiverse of Madness
MARVEL fantasia eta animazioaren industria erraldoiak sortutako azken abentura. Oraingo honetan ezezagunera bidaiatzera gonbidatuko dute ikuslea, Strange doktorearekin batera eta aliatu mistiko zahar zein berrien laguntzarekin, multibertsoaren errealitate konplexu eta arriskutsuetan zehar arerio berri eta misteriotsu bati aurre egin beharko diote.
Film iluna da, erraietatik idatzitakoa, beldurgarria; baina samurra, emozionala, tragikoa ere bai.
.
.
Red Rocket
Mikey Saber, zorigaitzean eroritako porno industriako izarra, bere jaioterrira itzuliko da, Texas estatuko landa herri atzerakoira.
Tragikomedia lotsagabea, sexuala eta basatia, Cannesko jaialdiko Sail Ofizialetik igarotakoa.
.
.
Onoda, 10.000 nuits dans la jungle
1944ko amaiera. Japonia gerra galtzen ari da. Taniguchi komandante misteriotsuaren aginduz, Hirō Onoda gaztea Filipinetako uharte batera bidaliko dute Estatu Batuetako lehorreratzeari aurre hartzeko aurretik. Oihanera daramatzan soldadu bakanek laster ezagutuko dute gizon honekin lotuko dituen doktrina ezezaguna: gerra sekretua. Inperioarentzat gerra amaitzear dagoen bitartean, Onodarentzat gerrak 10.000 gau gehiago iraungo baititu.
Akziozko film zorrotz eta existentzialista, besteak beste, Cannesko Un Certain Regard sailetik, Cesar Sariketatik edota Sevillako Nazioarteko Jaialditik igarotakoa. Hain zuzen, azken honetan, Epaimahaiaren Sari Berezia eta Gidoi Onenarena eskuratu zituen.
.
.
Il peccato
Florentzia, XVI. mendearen hasiera. Michelangelo Buonarroti pintore, eskultore eta arkitektu famatua da, Kapera Sistinoaren sabaia amaitzeko egindako borrokagatik agortuta, pobrezian bizi dena. Artistaren mezenas eta aitabitxi papera jokatzen duen Julio II.a aita santua hiltzen denean, Michelangelok obsesio bilakatuko du bere hilobia amaitzeko marmolik onena eskuratzearen afera.
Bisualki ederra den film honek, antzezle protagonisten lanetan du bere erakargarritasun nagusia.
.
.
Culpa
Inguruko ezagun baten egindako sexu erasoari aurre egiteko modurik topatzen ez duen emakumeak, bizitza osoa atzean utzi eta mendian isolatuta dagoen etxola batean ezkutatzeko erabakia hartuko du.
Ibon Cormenzana ekoizle eta zinemagile bilbotarraren lana duzue honakoa, besteak beste, Manuela Vellés, Andrés Gertrudix eta Luis Hostalot aktoreen parte hartzearekin.
.
.
The Storms of Jeremy Thomas
Hamarkada askotan, Jeremy Thomas ekoizle ospetsuak Ingalaterratik Canneseko Zinemaldira bidaiatu du. Oraingoan Mark Cousins, , ‘Zinemaren historia: odisea bat’ liburuaren egilea, izango du lagun. Bost eguneko road movie intimo eta bisual batean, Landa-Frantzian barrena, Thomasek ekoitzitako film batzuk gogoratuko dituzte, zinemaren historia garaikideko arrakastatsuenen eta eztabaidagarrienen artean daudenak: Bernardo Bertolucciren The Last Emperor (1987) -9 Oscar sari irabazi zituena- edo David Cronenbergen Crash (1996), Cannesen eskandalua eragin zuena. Bidaian zehar, Thomasek ekoitzitako filmen irudiak eta berarekin lan egin duten izar batzuen adierazpenak tartekatuko dira, hala nola Tilda Swinton eta Debra Winger.