2022ko azaroaren 21etik 25era ospatuko da ENKARZINE Zinema eta Bideo Lehiaketa amateurra. Prestaketa lanak abiatzen hasi da lan-taldea, eta iragarri dute abuztuaren 21era arte egongo dela zabalik lanen inskripzioa.
1979an, Zallan sortutako lehen zinema amateurraren kideek osatutako URRIA taldean du oinarri lehiaketak. 1980an URRIA taldeak lehenengo “Muestra de Cine Amateur en Super 8” antolatu zuen, eta hiru urteren ostean, mostra hutsa zena, lehiaketa ere bilakatu zuten 1984an. Bizkaiko Foru Aldundia eta “Asociación Cultural de las Encartaciones” izan ziren aldaketa horren sustatzaileak, eta urtero Enkarterriko herri batean egitea erabaki zuten. Hiru urtez eutsi zioten herri aldaketa horri, 1987an, URRIA taldeak ardura berreskuratu zuenean, Zallan finkatu zuten arte. Gaur egun, oraindik, Zallan ospatzen dira emanaldiak zein sari-banaketa ekitaldia.
Etxekoek etxekoentzat prestatzen duten lehiaketa izaera izangatik, azken urteetan garrantzi handia irabazi duen hitzordua da Bizkaia zein Euskal Herri osoko zinemagile amateurrentzat. 41. edizioa izango da aurtengoa, eta “zuzendari ez-profesionalak edota industria zinematografikoan ospetsuak ez diren zinegile ez-profesionalak” gonbidatu dituzte beren lanak aurkeztera.
Ez dago oinarri espezifikorik. Film laburrak izan behar dute, gehienez ere 30 minutukoak, baina askatasun osoa dago gaia, hizkuntza, generoa edo formatuari dagokionez. Parte-hartzaile bakoitzak, gainera, nahi beste film aurkezteko aukera izango du; betiere, lehenago aurkeztu ez baditu. Euskara eta gaztelera izango dira lehiaketaren hizkuntza nagusiak, beraz, hirugarren hizkuntza batean errodatutako lana izanez gero, azpitituluak eduki beharko ditu.
Proposamenak bidaltzeko bi bide zabaldu dituzte:
- https://www.clickforfestivals.com/enkarzine web orrialderen bidez
- Ediziorako propio sortu duten inskripzio-orriaren bidez; laburmetraia VIMEOn ikusteko eta deskargatzeko lotura eta pasahitza barne betez.
Obren hautaketa zein emanaldien programa antolakuntza-batzordearen esku egongo da, eta emanaldiak Zallako zine-antzokian egingo dituzte 2022ko azaroaren 21etik 25era. 2022ko azaroaren 26an, larunbatean, ospatuko dute itxiera ekitaldia. Bertan, sari banaketa ekitaldia eta saritutako filmen emanaldia egingo dituzte.