Ohiko zinema emanaldiez gain, FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak jarduera paraleloak izango ditu. Hiru erakusketek, hitzaldiek eta liburu aurkezpenek osatuko dute 28. edizioko egitaraua.

Fant jarduera paraleloak-zinea

FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren programazio osoa aurkeztu dute jaialdiaren antolatzaileek. Maiatzaren 6tik 14ra bitartean egingo dute 28. edizioa; 47 saio eskainiko ditu orotara, Virus 32 filmak irekiko du egitaraua eta Nosferatu klasikoak itxi. Jaialdiko arduradunek azpimarratutakoen arabera, “anitza eta askotarikoa” izango da aurten ere Sail Ofiziala. Hemezortzi lan hartuko ditu bere gain; guztiak lehen aldiz erakutsiko dira Bilbon, eta bi Estatu mailako estreinaldiak izango dira ere.

Baina zinema emanaldiez gain, jaialdiak hainbat jarduera paralelo antolatu ditu. Apirilaren 25az geroztik, Kike Infane marrazkilariaren eta Seños Verderena gidoilariaren Morirse en Bilbao erakusketa dago ikusgai. 2136. urtera eramango dituzte herritarrak, kasko polarrak urtzearen ondorioz Iberiar Penintsulako iparralde osoa urpean dagoen etorkizunera: “Bilbo oraindik ere bada kristalezko kupula ultrarresistente eta iragazgaitz baten azpian. Kupula hori, ironikoki, Uriak mantendu du, azaleko ohiko eztanda nuklearretatik salbu. Hirian erabat gaizki bizi ez den arren, duela gutxi birus arriskutsu bat, Gargantua birusa, bere txokoetan eta elkarte gastronomikoetan zabaldu da eta, horren ondorioz, Bilbo koarentenan deklaratu dute”.

Barrainkuako Udaltegian kokatu dute erakusketa, eta maiatzaren 14ra bitartean, 08:30etik 21:30era bitartean egongo da ikusgai. Maiatzaren 4an, asteazkena, Un Bilbao para morirse; El botxo en la ficción hitzaldia eskainiko dute, Bizkaiko hiriburuak literaturan eta zineman duen irudia eta fikziozko generoetan duen presentzia ardatz hartuta. 18:30ean Joker liburu-dendan egingo den hitzorduan Kike Infame eta Señor Verde izango dira, Patricia Millán Molinuevo Radio Euskadiko “Pompas de papel” saioko kolaboratzaileak moderatuta.

Bestalde, maiatzaren 1etik 15era bitartean, Hontz Gaua: Sorginak literatura eta komikian sorginkeriaren unibertsoari buruzko liburu eta komiki sorta bat izango da ikusgai, Begoña Udaltegiko liburutegian (09:00-20:30).

Fnac-en, aldiz, Batman. El Mundo erakusketan Paco Rocaren jatorrizko ilustrazioak erakutsiko dituzte. Espainiar estatutan zein nazioartean saritua izan da komikigilearen lana: 2008ko Komikiaren Sari Nazionala, Gidoi Egokitu Onenaren Goya saria 2011n, Japoniako Excellence Award saria edo Kultura Ministerioaren 2021eko Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina jaso ditu. Apirilaren 30az geroztik daude ilustrazioak ikusgai.

Azkenik, Vía de Fuga kafetegian Stop & Be Friendly II erakusketa jarri dute martxan maiatzaren 30era bitartean, Jorge Ronda ilustratzaile eta margolari bilbotarraren pertsonaien eta irudi fantastikoen marrazki sorta.  Saio horren osagarri gisa, saio musikal bat programatu da larunbat gauerako (hilak 7), 23:00etatik aurrera, “Brujas y fantasma DJ” izenburupean.

Informazio gehiago, hemen.