Denon ahotan dago egunotan Alcarràs. Carla Simón zinemagile kataluniarraren bigarren film luzeak txundituta utzi zuen Berlinaleko epaimahaia martxoan, eta denetarik entzun dugu ordutik, dena ona. Goraipamenak nonahi; une historikoa bizi izan dugula konbentzituta daude asko; Victor Ericeren El espiritu de la colmena (1973) filmaz geroztik Espainian egin den lan garrantzitsuena dela irakurri dugu zenbait aldizkari eta kroniketan; Almodovarrez gain, belaunaldi berriek ere zinema ona egiten jakin bai, eta nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan errekonozituak izateko gai direla aldarrikatu digute jakintsuenek etab. Maisulana hitzaren esanahia ere hiztegietan berridatzita aurkituko omen dugu aurrerantzean.

alcarras_ Carla Simon-zinea

Lan-taldea ‘Alcarràs’ filma errodatzen

Hego Euskal Herriko zein espainiar lurraldeko zinema aretoetan estreinatu berri da Alcarràs, eta poztasun kolektiboak jarraipena izan du. Hona lehenengo emanaldietako datu batzuk: 10.000 ikus-entzule baino gehiago batu ditu ostiralean bertan, Estiu 1993-ren aurkezpen asteburu osokoak gaindituz. Hala, lehenengo postuan dago ikus-entzule kopuruari dagokionez, hirugarrenean, aldiz, bildutako diruari dagokionez -aurretik The Northman eta Fantastic Beasts: The Secrets of Dumbledore soilik ditu, apirilaren 22an eta 18an estreinatutakoak, hurrenez hurren-.

Film ona da Simónena, zalantzarik gabe, eta ziur naiz Txomin Lasak inork baino hobeto asmatuko duela hura iruzkintzen (irakurri kritika, hemen), baina zalantzati naiz ez ote gauden, askotan gertatu bezala, hype kutsakor batek hauspotutako olatu baten mendean. Denok erosi dugu Alcarràs ikusteko sarrera, Parasite, Un munstro viene a verme edota Ocho apellidos vascos-ekin egin genuen bezala. Nahiari “beharra” gainjarri zaio, zinemazaletasun postureta.

Ez itzazue nire hitzak gaizki ulertu. Pozten naiz izaten ari den arrakasta komertzialarekin, eta onena opa diot zinemagileari zein filmari. Handia egin du 80 milioi inguruko kostua izan duen  The Northman gainditzen, eta Robert Eggersen filma ez da hain zuzen ere edozein lan –Fantastic Beasts: The Secrets of Dumbledore-i buruz ezer gutxi esan dezaket, ez baitut ikusi-. Ikusmina sortu zuen Eggersen proiektuak hasiera-hasieratik, eta zinemetara heltzearekin batera  800 milioi euro batu ditu, azken bi asteotako (eta 2022ko) film arrakastatsuenen artean kokatuz. The Witch-ekin izan genuen zinemagile amerikarraren berri, eta The Lighthous-ek txunditu gintuen. Nosferatu banpiroaren istorioa berreskuratu nahian omen dabil, beldurrezko film alemaniarraren egokitzapena izango den superprodukzioa.

Bada, ez da gutxi Berlingo Urrezko Hartzaren hartzaileak lortu duena. Zerk eragin du 3 milioi euroko aurrekontua izatera iristen ez den film kataluniar batek, katalanez (are gehiago, zonaldeko dialektoan) errodatutakoak, eta aktore ezagunik gabekoak horrenbesteko harrabotsa sortu izana? Erantzun posible asko egon litezke, baina filmaren beraren esentzia azpimarratuko nuke nik, duen izaera umil eta zintzoa. Besaulkian eseri eta lehen irudiak ikusi bezain laster jakingo dugu The Northman Shakespearek idatzitako tragedia bat izan zitekeela, bikingoak protagonista dituena, eta denek lepo-mozturik bukatuko dutela. Besaulkian eseri eta lehen irudiak ikusi bezain laster jakingo dugu ere Solé familiarenak egin duela, uda sasoia iristearekin batera azken melokotoi-uzta jaso eta 80 urtez lantzen aritu diren lursailak betiko utzi beharko dituztela.

Bi zinema eredu kontrajarri

The northman-robet eggers-zinea

Lan-taldea ‘The Northman’ filma errodatzen

Aurreikusitako, eta atzera bueltarik gabeko, erresoluziora iristeko bataren zein bestearen planteamenduak, ordea, guztiz ezberdinak dira. Fantasia eta mito itxura du The Northman-ek. Gozamen estetikoaz eta fetitxismo teknikoaz jardun da Txomin Lasa kritikaria ZINEArako idatzitako testuan, eta ez zaio arrazoirik falta. Zinemagilearen aurreko lanek zuten “abstrakzio eta askatasun poetikoa sakrifikatu behar izan dituela” iritzi du, “publiko handiaren eskaeren alde”. Eta hala da, bai. Ezin ahaztu dezakegu mainstrean produktu batez ari garela, punta-puntako aktore ezagunez betea (Alexander Skarsgård, Nicole Kidman, Anya Taylor-Joy, Ethan Hawke, Willem Dafoe, Björj…), denak gihartsuak, ederrak; eta malabarismo bisualek ikus-entzuleak txunditzea (eszenaratzea erakargarri eginez, ikuserraza bilakatuz) beste helbururik ez dutela, kamera nola maneiatzen duen erakustea, odol-festa entretenigarri eta gustagarri egiteko. Exhibizionismo estetikoa, diskurtso hutsala: 1917 (Sam Mendes, 2019) bezala, Tenet (Christopher Nolan, 2020) bezala.

Alice Rohrwacher, Ermanno Olmi eta Eric Rohmer maisuaren sonak arnastuko ditu, aldiz, Alcarràs-ek. Handinahirik gabe, hor kanpoko munduari fidel zaio Simón, eta nabari da emaitzan. Landa-guneko haize-boladak, hostoen dantza, festa herrikoiak, erbiak… Solé familiaren bidelagun dira filmean. Dena prest zutela, lan-taldeak urtebetez atzeratzea erabaki zuen filmaketa, COVID-19aren pandemiak harrapatuta, melokotoi-uztak itxarongo ez baitzien. Frutaz aldatzea ere pentsatu omen zuen zinemagileak, hartualdiak udazkenera pasatzea baloratuz. Baina, ez. Gidoia bere horretan mantenduz, hilabete luzez inguruko laborariez osatutako aktore-taldeak Simónen senideek ekoizten duten –Estiu 1993-n bezala, kutsu autobiografikoa du lanak- uztak behar zuen abiapuntu izan. Bai, aktore ez-profesionalak, interpretazioaren lanbideak inoiz kutsatu gabeko aurpegi eta gorputzak. Irakatsi daiteke traktorera nola igo eta jaitsi, melokotoi bati nola heldu, greba orokor baten nola oihukatu, eta eguzki-panelek dakarten iragarritako heriotza baten frustrazioari nola negar egin, baina sentimendu eta ekintzok amorruz kanporatzea ez dago ikasterik. Eta kamera? Hor dagoenik ere ez! Guztiz ikusezina, gardena, istorioaren gainetik nabarmentzeko asmorik gabekoa.

Zinema egiteko bi eredu kontrajarri dira The Northman eta Alcarràs. Solé familiaren benetakotasun/naturaltasunak pantaila zuriaz gaindiko transzendentzia du, tragedia bikingoak erakustaldi estetikotik at kontsumo arina, ihesbidekoa, izan nahi duen bitartean. Sortzaileek herritarroi gogoeta eginarazten digutenean zerbait pizten da gugan, baina zinema aretoetara modu masiboan joatearen bultzatzaile bada zinema jaialdi bateko sari nagusia besapean izatea, eta batez ere, kazetarien laudorioak egunkarietan (gaur egun, gehiago agian sare sozialetan).

Sumoa daukat The Northman berehala ahaztuko dugula, Nosferaturen oihartzuna hurbil sentitzen hasi arte, behintzat. Alcarràs-ek, aldiz, zinemaren historian, espainiar zinemagintzan, zein toki izango duen ezin jakin dezakegu, goizegi baita, eta denboraren joanak esango digu bi hilabete hauetan hartaz idatzi eta komentatu den guztia zentzuzkoa izan den edo ez. Bizi dugun gizarte likido honetan, ustezko maisulanak astero estreinatzen diren garaiotan, Espainiako prentsak ezin hobeto gauzatu du neurrigabeko propaganda kanpaina, eta agerikoa da helburua lortu dutela. Berlinaleko Urrezko Hartzak elikatu egin du munstroa, eta adi datorrenari, maiatza bukaeran, besteak beste, Malagako Jaialdiko 25. edizioan Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga eskuratzetik datorren Cinco lobitos bere opera prima estreinatuko baitu Alauda Ruiz de Azua zinemagile bizkaitarrak. Jainkoak gorde gaitzala.