Dock of the Bay zinema jaialdiak “egitarau zabala eta betea” eskainiko du gaurtik hasita hilaren 7ra bitartean, Donostiako hainbat gunetan. Hamabosgarren edizioa inauguratuko dute gaur Dabadaban, eta hainbat film ikusteko aukera egongo da Principe aretoetan.
Donostiako Musika Dokumentalen Zinema Jaialdia aurreikusitako aste euritsua argitzera dator. Pandemiak eragindako data aldaketek baldintzatuta, inoizko edizio udatiarrena gauzatu zuten iaz, eta neguko giro ilunetik ihesi egin nahian, Eva Riveraren zuzendaritzapean, gaur bertan ekingo diote Dock of the Bay festibalari, hamabosgarrenez.
Kathryn Ferguson zuzendariaren Nothing Compares. Sinéad O’Connor filmak emango dio hasiera ekitaldiari 19:15ean, Principe aretoan, baina ez da eguneko emanaldi bakarra izango. Izan ere, 19:30ean Bixa Travesti (Claudia Priscilla eta Kiko Goifman), eta 21:15ean Magaluf Ghost Town (Miguel Ángel Blanca) proiektatuko dituzte. Irekiera-ekitaldia, aldiz, Dabadaban izango da, 21:00etan.
Maiatzaren 7ra bitartean 23 lan-dokumental eskainiko dituzte guztira, zazpi, sail ofizialean. Maiatzaren 6an, film laburren emanaldia hartuko du Principe aretoak. Lehian dauden 8 ekoizpenak saio bateratu batean eskainiko dituzte -tartean, Hannot Mintegia zinemagile euskaldunaren Ignora, Ainara LeGardon eta Ignacio Córdoba soinu artisten erretratua-, eta urtero legez, nazioarteko musika dokumental nabarmenenak ere erakutsiko dituzte.
“Egitarau zabala eta betea” izango dutela adierazi du Riverak, izan ere, Principe aretoetan eta Antzoki Zaharrean egingo dituzten proiekzioez gain, kontzertuak, jaiak, liburuen aurkezpenak eta irratsaioak izango dira hiriko hainbat gunetan. KutxaKultur, Gehitu, Tobacco Days, Dabadaba, Reggae got to soul kolektiboa eta Deustuko Unibertsitatea izango dira festibaleko kolaboratzaileen sarea osatuko dutenak, eta hainbat jarduera paralelo prestatu dituzte.
Ezagutu egitarau osoa, hemen