Nafar Ateneoak eta Golem zinema-etxeak Nafarroako Euskarazko Filme Zikloa prestatu dute. Urtarrilaren 28tik ekainaren 17ra bitartean, hilabetero film bana ari dira pantailaratzen Golem Yamaguchi zinema aretoan, eta gaur, Montxo Armendarizek zuzendutako Obaba (2005) emango dute.

obaba-Euskarazko Filme Zikloa

Lurraldeko euskarazko zinemari eta egile nafarrei ikusgarritasuna emateko asmoz, Nafar Ateneoak sei filmek osatutako ziklo berezi bat iragarri zuen 2022 urte hasieran. Hiru bloketan banatuta, Imanol Rayo zinemagileak euskaraz filmatutako Hil kanpaiak (2020) eta Bi anai (2011) eman zituzten urtarrilean eta otsailean; Bernardo Atxaga idazlearen obra abiapuntu izan duten lanek (Nafarroan errodatutakoak) osatuko dute bigarren emanaldi sorta; eta Montxo Armendariz zinema zuzendari beteranoak lurraldean errodatutako eta euskarara bikoiztutako ekoizpenek emango diote bukaera zikloari.

Hain zuzen ere, azken bi blokeak uztartuko ditu apirileko emanaldiak, gaur bertan, Iruñeko Golem Yamaguchi aretoan. Obaba, egongo da ikusgai eta saioa 19:00etan hasiko da. Sarrerak 4 euro balio ditu (3 euro Nafar Ateneoko bazkideentzat).

Atxagaren Obabakoak eleberrian oinarritutako film honetan, Lourdes Obabara abiatuko da, bideo kamera eskuan duela, Obabako eta bertako herritarren errealitatea harrapatu nahian. Baina Obaba ez da berak irudikatutako lekua. Herritarrak harrapatuta daude bertan, iragan korapilatsu bati ihes egin ezinik.