Film Artxiboen Nazioarteko Federazioak (FIAF)  urtero egin ohi duen biltzarrean Euskadiko Filmategia erakundeko kide izatetik eskubide osoko kide izatera igarotzea onartu du. Aurkeztutako txostena “bikaina” dela iritzi du Batzorde Betearazleak.

fiaf-Euskadiko Filmategia-zinea

Film Artxiboen Federazioa (FIAF) munduko ondare zinematografikoa babesteko eta zabaltzeko lanean ari da 1938az geroztik, eta esparru horretako munduko irabazi-asmorik gabeko erakunde nagusiak biltzen ditu. Gaur egun, federazioa munduko filmoteka eta artxibo zinematografikoen sare garrantzitsuena da. Bada, erakundeko kide izatetik eskubide osoko kide izatera pasa da Euskadiko Filmategia. 2022ko apirilaren 24tik 29ra bitartean Budapesten elkartu dira federazioa osatzen duten 93 zinematekak, Hungariako National Film Institut anfitrioi zutela, eta aurkeztutako txostena aztertu ondoren ebatzi du Baztorde Betearazleak erabakia.

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak  modu positiboan baloratu du jakinarazpena, eta “urrats historiko garrantzitsua” dela azpimarratu du: “Gure funtzioak betetzen jarraitzeko eta ondare zinematografikoaren kontserbazioak eta hedapenak etorkizunean azaleratzen dituzten erronka ugariei aurre egiteko pizgarria da”.

Aurrerantzean bidelagun izango ditu FIAF osatzen duten zinematekak, eta  Fernandezek argi azaldu du “familia bateko kide” sentitzen direla: “Euskal Herria izena duen munduaren zati honetan hori egiteko ardura duen erakundea gara, baina FIAFeko filmoteka guztien eskutik egin nahi dugu, mugarik ez duten helburuak partekatzen ditugulako haiekin. XIX. mendean Gernikako arbolari buruzko euskarazko abesti batek zioen bezala: eman eta zabaldu zure fruitua munduan zehar. Euskal ondare zinematografikotik hori ere espero dugu, Euskadiko Filmategiaren urrats berri honi esker”.

Erakundeari buruzko informazioaz gain, hautagaitzarentzat bereziki garrantzitsuak diren hiru berme-gutunek osatu dute Euskadiko Filmategiaren eskaera, Eric Le Royk (Zinema eta Irudi Animatuaren Zentro Nazionaleko Zinematografia Ondarearen zuzendaria, Frantziako CNC), Josetxo Cerdánek (Espainiako Filmategiko zuzendaria) eta Esteve Riambauk (Kataluniako Filmategiko zuzendaria) idatzitakoak hain zuzen ere. FIAFeko Batzorde Betearazleak txostena “bikaina” dela iritzita, gainerako zinematekei aldeko botoa emateko gomendioa luzatu eta aurkako botorik ez eta abstentzio bat jasoz.