Donostia Zinemaldiak laugarrenez zabaldu du Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa. Ikus-entzunezkoetan teknologia berriak aplikatzean oinarritutako enpresa-proiektu berriak proposatzen dituzten Espainiako eta Europako ekintzaileei zuzenduta dago lehiaketa, eta izena emateko epea ekainaren 3an amaituko da.
Zinemaldia & Technology ekimenean ikus-entzunezkoen teknologiari eta industriari buruz hausnartzeko tartea eskaini izan die Donostia Zinemaldiak europar ekintzaileei arestian, baina aurten, festibalaren 70. edizioaren baitan, Espainiako startupentzako deialdi espezifikoa iragarri dute. ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ jardueraren baitan hartuko du Zinemaldia Startup Challengeek laugarren edizioko berrikuntza.
2016ko abenduaren 31ren ondoren eratutako startupak galdegin dituzte laugarren ediziorako. Ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak aplikatzean oinarrituta dago lehiaketa, eta hautatutako proiektuak Zinemaldiaren egitarauaren barnean aurkeztuko dira. Horrez gain, eskola magistral bat ere hartuko du bere gain egitarauak, irailaren 22an.
Izen-ematea Zinemaldiaren webgunean dagoen online formulario baten bidez egin daiteke jada. Adituen epaimahai baten esku egongo da bost proiektu finalisten hautaketa, eta horiek urtebetez Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko BIC (Business Innovation Center) bateko inkubagailu baterako doako sarbidea, Zinemaldiko jarduera eta ekitaldi guztietarako sarbidea eta jardunaldira joateko bidaia- eta ostatu-gastuak ordainduta izango dituzte, besteak beste, ordainsari.
Bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu. Halaber, deialdi honek arreta berezia jarriko du ekintzaileengan, eta 3.000 euro gehiago bideratuko ditu pertsona edo talde ekintzaile batek aurkeztutako proiektu onena saritzeko. Irabazleek eta finalistek, gainera, 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dute euren proiektua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan garatzeko.
Espainiako startupak
Espainiako ikus-entzunezko ekoizpenerako nazioarteko Spanish Screenings XXL merkatuaren baitan kokatuko da aurten, bigarrenez, ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ jarduera; aurrenezkoz, ordea, Zinemaldia Startup Challenge lehiaketan.
Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) parte da, Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzeko pentsatutakoa, eta Kultura eta Kirol Ministerioak sustatzen du ICAA institutuaren eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez. Espainiako startupetarako lehiaketa horrez gain, ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ lehiaketak jardunaldi bat ere jasoko du, non nazioarteko inbertitzaile eta talentu-ordezkari garrantzitsuak bilduko baitira.
Hautagaitzak aurkezteko azken eguna datorren ekainaren 3a izango da. Ikusi oinarri eta arauak, hemen.